Bortxatzaile bat nire bidean
Zoritxarrez, gutxi izango dira bere bizitzan zehar bortxatzaile batekin topo egin ez dutela esan dezaketen emakumeak. Are gehiago, gehienok, inongo zalantzarik gabe, modu zuzenean edo zeharka, bat baino gehiagorekin topatu garela esan dezakegu. Ni neu, behintzat, erasotua izan naiz eta bi eskuetako hatzamarrekin ere kontatu ezin ditzakedan kasuak ezagutzen ditudala onartu behar dut. Indarkeriak gurutzatutako gorputzak dira gureak. Jaiotzatik, hanka artean daukagunak determinatzen du, hasieratik, bortizkeriaren zein aldetan gauden: eta berau sufritzen dugunon aldea da emakumeona.
Etxean, kalean, tabernako kumunean, garajean, tren geralekuan, komisaldegian, aldagelan… edonon gara erasotuak. Umetan, gaztetan, nagusitan… edonoiz gara erasotuak. Lagunak, bikoteak, ezezagunak, entrenatzaileak, osabak… edonork erasotu gaitzake. Datuek arazoaren izaera estrukturala dela erakutsi arren, batik bat eremu pribatuan jarraitzen duen afera izaten jarraitzen du indarkeria matxistak.
Egia da, gertatutakoak ezin ditugula aldatu jada, ezin dugulako denboran atzera egin, baina egia da ere, eraso hoiek sortutako ondorioei arreta gehiago jarri beharko geniekeela. Erasoak eraso momentua gainditzen du, eta sarritan ikusten ditugu eraso baten ondorioz emandako etengabeko berbiktimizazio prozesuak: gertatutakoa kontatzen dugunean eta sinisten ez gaituztenean; erasoa guk probokatu dugula pentsarazten digutenean; gainditzeko garaia dela esaten zaigunean; erasotzaileari bizitza izorratzearen erantzule egiten gaituztenean…
Minetik abiatzen den errelatoa da gurea, eta minak erreparazioa eskatzen du. Eta erreparazioak zaintza. Zaintza lan horretan kokatzen dut nik egunez egun feministok saretzen ari garen ahizpatasuna. Hitz egiteko, emozionatzeko, konpartitzeko… espazio seguruak eskaintzea baliagarria da emakume askorentzat, baina ez da nahikoa. Erasotzaileak espazio publikoen jabe izaten jarraitzen duten bitartean, erreparazioa ez da posible izango, eta guztioi dagokigu eraso hark kaletik atera zuen emakumea bueltatzea nahi badugu, berau erasotu zuena kaletik ateratzea.