Natxi Aranbururen zutabea: Bizkaiko bertsolarien final handia
Astebeteko tartean Bilbok hartuko du txanda Durangoren eskutik. Euskal Herriko kultur gunerik nagusi edo entzutetsuena izatearen ohorea eskuratu zuen Anbotopeko herririk handienak aurreko asteburuan. Hurrengoan, Bilbori dagokio. Oparoa izan ei da amaitu berri den 47. Liburu eta Disko Azoka. Pozarren antolatzaileak eta saltzaileak. Bejondaiela! Krisi sasoietan kopuruek, zifrek ikaragarrizko protagonismoa bereganatzen dute eta pasa den astean euskal kulturaren azokak eskainitako zenbakiek egunero hedabideek markatzen duten beherako joera aldrebestu egin dute eta gora begira jarri gaituzte: egun bat gutxiago, baino aurrekoan baino bisitari gehiago eta salmenta ugariagoak. Biba!
Di-da baten kultura idatzitik ahozkotasunezkora egingo dugu jauzia: Bizkaiko bertsolarien finalera goaz. Bilbok badu, hala ematen diote gutxienez, zentralitate anitza. Bizkaian, Euskal Herrian… Bilbo handia da. Handikiro edo handitasunez egiten dira Bizkaiko hiriburuan gauzak; handi nahia nabarmena da, hain da handia ze BILBO HANDIA deitzen zaio. Bada, datorren zapatuan bertsozaleok handitu egingo gara, non eta hantxe bertan!
Ahozkatasunez gozatuz handituko gara. Ez da –bilbotarrek ere aitortu beharko dute– Bizkaiko hiriburua euskararen eremu natural-naturala, gaur egun; Bilboko ikur bihurtu den museoa –izenik ez dut aipatuko– ez da euskarazko ahozkotasunaren eredua, ezta bertako dorrerik luzeena ere; Bizkaian eta Euskal Herrian ospetsuena/handiena den bertako alkateak ere ez daki euskararik, nahiz eta durangar jatorria izan; bitxikerien bilatzaileentzat horra datuak: Durango, euskal kulturaren kabia eta Bilbo ahozkotasunaren glamurra eta batean jatorria izan eta bestean alkatea denak ez daki euskararik. Normalkuntzaren aktibistek eta plangintzen arduradun politikoek badute zeregin nahiko euskaldunon herrian.
Hala izanik ere, bertsozaleok eta euskaltzaleok gure begirada Durangotik aldendu eta Bilbon jarriko dugu. Eta ziur gaude kasu honetan ere krisiari aurre egin eta bertsoak gora egingo duela. Arriagatik Euskalduna jauregira eta handik Miribillara. Handitasunari kasu eginaz argi ibili beharko dugu ze Bizkaiko bertsolarien finala ez baita izango Bizkaiko frontoirik handienean, Bizkaiko saskibaloiko partidarik garrantzitsuenak jokatzen diren topagunean baino.
Xabier Amurizak kirol nazionaltzat jo zuen bertsoa duela urte batzuk eta kiroldegira joango gara zapatuan, non lau andrazko eta lau gizonezko kantuz moldatuko diren, bertsoak kiribilduz, zeinek hobetoen egin. Ohikoa den moduan hiru ordu pasautxoko plazerra bertsozaleontzat. Saskibaloian bost bosten aurka izan ohi dira; azken urte luzeetan bi urterik behin jokatzen den saio honetan lau eta lau izango dira; lehian bai, baina ez aurka.
Berezko gozamenetik aparte baditu heltzear daukagun saio honek aparteko ezaugarritasunerako datuak. Askorentzat Miribilla ingurua ezagutzeko lehenengo aldia izango da eta emakume eta gizonezkoen arteko parekidetasuna bertso final baten begien aurrean bistaratzeko lehenengoa guztiontzat.
Holakoetan esan ohi denez, has dadila espektakulua, dena prest baitago: jokaleku berria, protagonista zaharberrituak eta betiko bertsozalea; azken hau barik, txapelketako saioetako aurkezleek errepikatzen dutenez, ez baitago jairik.