Biharko baserriak?
Zutabea- Alex Zubia
Duela bizpahiru aste JanTokikoa Elkartearekin elkarrizketa atera zen orrialde hauetan. Bertokoa bultzatzea duela xede nagusitzat aipatzen zen; izenak berak hala adierazten du: Jan Tokikoa; baita jantokikoaz ardura duela, gaur egun gure neska-mutil gehienek, etorkizuna direla diogun horiek, jantoki kolektiboetan jaten dutelako. Eta jan, jantokietan jaten badute ere, ez dute tokikoa jaten. Zeregin hauetan gabiltzanoi sarritan galdera bat egiten digute: Eta ba al dago, esate baterako, eskualdeko jantoki guztietan bertokoa emateko adina jatekorik? Edota eskualdeko guztioi jatekoa emateko? Edota alboko bailaran bizi den milioi luzea pertsonari jatekoa emateko? Ba ez, ez dago. Eta honen zergatia sinplea da, lehen zegoen baserri egitura sozio-ekonomiko guztia desegin egin dugu urtez urte, baserritarron presentzia azoketarako folklore bihurtzeraino ia-ia. Badakit konparazioak oso arriskutsuak direla, eta inoiz ez direla justuak izaten, baina gogoratzen dut orain dela urte mordoa, euskara zela eta, hainbat zerbitzu euskaraz eskaintzearen aldeko eztabaidetan, honen erabilera gutxitua aipatzen zela. Nola eskaini zerbitzu berak euskaraz eta gazteleraz, euskaraz oso jende gutxik hitz egiten zuenean. Eta egia zen. Ez zena aztertzen zen euskararen egoera horren zergatia, urtez urteko zapalkuntza, debeku, desegitea… Hitza-n emandako elkarrizketan aipatzen genuen orain arte egindako politikek ez dutela arrakastarik izan. Ez diogu ezta fede txarrez egin direnik, ez dugu guk hori epaituko, baina ez dira arrakastatsuak izan. Aste honetan bertan, ikastaro bat izan dugu baserritarrok, aldundiarekin gure harremana Internet bidez egin ahal izateko. Datu aipagarri bat bota zen bertan, Bizkaian 4.000 eta piku ustiapen deklarazio daude. Iazko datuen arabera, 1.138.852 biztanle, egunero jaten dugunok. Egin zuek zatiketa, baserritar bakoitzak zenbat biztanle elikatu behar dituen. Edota, alderantziz, zenbat baserritar beharko genituzkeen biztanle horientzat jatekoa sortzeko? Bitartean aldundiak baserri digitalak bihurtu nahi gaitu, sektorearen bataz besteko adina 60 urtekoa denean. Denon artean aldaketarik egiten ez badugu, martxa honetan baserria digitala izan beharrean baserri birtuala izango da, ez bait da lurra landuko duenik geratuko. Eta zuk, zer jaten duzu?