Betirako gugaz
Zorigaitzeko azken hilean birritan erabili izan behar dudan esaldia da hau. Gure bidean zeresana izan duten haiei esker milak adierazteko egokia deritzot. Izan ere, oraindik jorratzeko duzun ibilbidean zehar haien presentziaren berri sarritan izango duzu.
Sumendiaren labak eta pandemia ondorengo «normaltasunerako» itzulera dira gaur eguneko albisteak. Batzuei bigarrengo izurrite gori-goria suertean tokatu zaien bitartean, besteoi haize freskoa datorkigu. Bizitzaren balantza. Goian edo behean. Gutxitan parean. Halere, nahi baino urriagotan bada ere, badira aukeran hartu ditzakegun erabaki batzuk. Oraingoan, guri, aurrerantzean gure bi umeen heziketa eta zainketan lagunduko digun pertsona aukeratzea egokitu zaigu. Erabaki mardula nola ez. Batez ere kontuan hartuta uzten gaituen hori, bihotzeko Ana, maitasun pertsonifikatua delako.
Hogeitasei urte luzetan etxean laguntzen izan den pertsonari zor diogu garenaren zati puska bat. Amumak utzitako herentziaren atal garrantzitsu bat izan da hau. Amak gure artean eman zuen denboran ere bere presentziaz gozatzeko parada izan zuen. Eta haren partida izan zen hura gurera etortzeko ordaindu beharreko peajea. Amuma, ama, aita, anaia, gu eta gure seme-alabak. Belaunaldi ezberdinak, baina beti tinko, leial eta irribarretsu pertsona bera.
Gauzak ondo egin direlakoan nago. Elkar maite eta zaindu izan garela. Denbora honetan zehar debaterako unerik eskaini gabe. Beti arazoen aurretik. Gauzak argi. Konfiantza eta maitasunezko klima eraikiz. Ez goian eta ez behean. Beti parean.
Badira gurea bezalako kontu politak. Berez datorren familiaz gain, familia hitzari dagokion giro beroa eraikitzeko gai diren istorioak. Etxera iritsi berri den harekin istorio berri bat sortzen goazen bitartean, kaletik, beste horiek ikusterakoan oroituko gara zutaz. Bihotzeko hura, gure Ana. Betirako gugaz.