Berbak
Berben indarra ikaragarria da. Mindu, gogogabetu, damuarazi, poztu, hondatu, hunkitu… edota euren gabitu bihur gaitzakete. Gure sinesmenak, aurreiritziak eta jokabideak erabiltzen dugun hizkuntzak moldatzen ditu sarri. Hainbat idazle, filosofo, zientzialari eta aditu ere hitzengatik dira ezagunak. Are, aspaldi euskaldun baten hitza nahikoa zen kontratu baten legitimitatearen fede emateko, sinatu barik.
Baina berba aho biko labaina da; kotoia bezain leuna edo sugegorria bezain pozoitsua izan liteke. Laburrenak, hutsalenak ekar lezake onura edo kaltea, norbanakoarentzat duen esanahiaren eta erabiltzen den moduaren, helburuaren eta inguruabarren arabera. Berbek istoriaren ibilbidea alda dezakete, bizitzak eraldatu, mugimenduak sortu eta aldaketa sozialak eragin. Horren adibide dira M. Luther King Jr., M. Gandhi edo N. Mandela bezalako lider handien berbak, diskurtsoa. Jazartzeko eta beldurtzeko ere baliatzen ditugu, besteengandik gailentzeko eta nagusitasuna lortzeko. Hitlerrek hitzen ondorioz, mlioika judu hil ziren alemaniar nazien eskuetan. Horra hor hitzen benetako indarra; euren botereaz jabetu beharko genuke.
Esanak esan, berrizan berriekin batera eta modernitatearen bideari jarraiki, halabeharrez, berben esanahia aldatu egin da, garai berrietara egokitu ditugu edota berriak sortu. Aurrekoan, ikasle batek klasean ondokoari esan zion: «dizerdit». Aho bete hortz utzi ninduen, eta galdetzean erantzun zidan: «gaztelerazko me la suda da; hitz baten esan ahal dena zertarako hiru lautan esan? Dabaike, dipurdigu…» eta beste hainbat bota zizkidan, 21 aditz trinko XXI. menderako deritzon zerrenda amaigabetik ataratakoak. Francisco Quevedok esaten zuen bezala: «Berbak txanponak bezalakoak dira, batek askok beste balio du eta askok batek beste».
Bizimoduaren bilakaera honetan, berba asko galtzear daude edo galdu egin dira jada, eta liburuetan dautza nork bistaratuko. Gure nagusiek baserrian, basoan, arrantzan… euren zereginetarako erabiltzen zituztenak: iraula, gatzuneska, zelemina, itaurren, urdin-sagarra, txarrantxa… bizimodu baten lekuko eta gure kulturaren parte direnak. Lauregoi urte edo nagusiago bati horrelakoren bat aipatuz gero, oroitu eta bizi izandako guztia kontatuko du, ondo pozik, gainera. Horixe da belaunaldiz belaunaldiko ahozko transmisioa. Garai bateko ezagutza, balio, sinesmen, esperientzia, ideologia, hizkuntza eta kultura-adierazpen guztien gordailu. Altxor hori, jaso eta kontserbatu egin behar dugu. Geuri dagokigu. Denbora dugu arerio eta nagusiak lagun. Beraz, atera berbak berbetan etxeko nagusiei.