Beldurra
Beldurra ari du inguruan, edo hori da azken aldian han-hemen nabaritzen ari naizena. Beldurra noiz, non, zeri edo nori aldatzen bada ere, beldurra usaindu, ukitu, entzun daiteke azal, begi, belarriak horretarako prestatuz gero. Neska modura sozializatu nautenez eta naizenez, txiki-txikitatik bizi izan naiz beldurretik gertu. Iluntasunari, ezezagunari, gauari, parrandari, mozkorrari, bazterrari… Erasoa non eta noiz gertatuko artega. Mila aldiz entzun ditugu kontuz ibiltzeko mantrak, etxera bakarrik ez etortzekoak, ezezagunekin ez gelditzekoak. Egin ditugu etxerako bideak giltzak eskuetan hartuta, telefonoz baina nor bere buruarekin hizketan, lagunekin joan ahal izateko herriari buelta guztia emanez… Tipulen kapen gisara, beldur bat kendu ahala etortzen da hurrengoa, eta esan gabe doa nork bere beldurrak gorpuzten dituela, sarri ondokoarenak ulertzeko tarterik gabe.
Azken aldian, hainbat kasualitate tarteko, inguruko pertsona ugarik hitz egin didate beldurraz: heriotzari, ingurukoari, aldaketari, bakardadeari… Geldiarazi egin dezake beldurrak, edo bizkorrarazi ere bai zenbaitetan. Lerro hauek idatzi bitartean, beldurrari beldurra dion gizarte batean bizi garela irakurri dut
Berria-n, Juan Luis Zabalari egindako elkarrizketan. Haren hitzetan, beldurrak gure bizitzan dagokiona baino leku handiagoa hartzen duenean hasten da arazoa. Gure bizitzan edo gure gorputzean bertan ere irudikatu genezake bular aldean geroz eta espazio handiagoa hartzen duen beldurra, gure burmuinean baimenik gabe gero eta leku gehiago okupatzen duena, arnasa kentzen diguna.
Baina beldurra ere beste guztia bezala ikasi egiten da, eta, beraz, baita irakatsi ere. Azken bi urte hauetan beldurraren kultura etenik gabe zabaldu da. Izan talde bortxaketan oihartzunagatik, aurrekaririk gabeko pandemia batengatik, gerra hotsak auzora gerturatzeagatik, eskuin muturraren gorakadarengatik, eraso lgtbifobikoengatik edo norbere bizitzan eragina izan duen gertaera, nahigabe edo aldaketengatik. Informazio, irudi, soinu eta estimuluen eztanda aro bat bizi dugu, errealitaterik gordinenak filtrorik gabe sartzen zaizkigu gure etxe eta gibeletara. Albistegia ikustea bera bihurtu liteke antsietaterako arrazoi. Beldurrak lehertu egin zaizkigu gure baitan, eta babeserako eta autodefentsarako tresna izatetik autosuntsipenerako bide izatera igaro liteke. Nork bere beldurrak antolatu eta kolektibizatu beharko ditugu, beldurra ematen duen mundu honetan biziraun nahi badugu.