Alex Zubia
Zenbat aldiz ez ote duzu entzun, esan, pentsatu esaldi hau, baina bere kontrako zentzuan, hau da, “baserritik ezin da bizi”. Eta hori esan eta gero lasai-lasai jarraitzen duzu zure bizimodua, zer esan duzun eta esan duzunaren ondorioetan erraparatu gabe.
Uste ez baduzu ere, mundua baserritik bizi da. Agian zu ez. Zuk dena erosten duzu agroindustria
entrepresa multinazionalek ekarritako produktuak, “baserritarrak” esplotatuz ekoiztutakoak. Baina hori ez da munduaren errealitatea, zeure burbuilatxoarena bakarrik.
Baserritarrok mundua elikatzen dugu oraindik. Munduaren ehuneko handiena baserritarrek erein, landatu, zaindu eta batutako jakietatik elikatzen da. Badakigu gure inguruotan, eskualdean, herrialdean, gainbeheran dagoen alor bat dela. Nekazaritza eta abeltzaintza munduan dauden bi ofizio zaharrenetatik bat da eta gure inguruetan desagertzeko bidean dago. Bestea prostituzioa da; gaur egun honek PIB delakoari egiten dion ekarpena lehen sektoreak egiten duena baino garrantzitsuagoa da.
Baina baserritik bizi zara. Ikertzaile guztiek dioten baserrigintzak planetan hainbeste ez berotzen laguntzen duela eta gizakiaren etorkizunerako formula egokienetakoa dela. Baserrigintzak, baita bertokoak ere, CO2-a lurrean finkatzen du; hurbileko nekazaritza denez garraiorako erabiltzen duen petroleo kopurua askosaz txikiagoa da; jangarri diren haziak mantentzen ditu eta badira adituak aniztasun hau etorkizuneko “seguru” bat dela diotenak, agroindustriaren espezializazioak ahul bihurtzen delarik (topatu Interneten zer gertatzen ari den Cavvendish platanoarekin, egunero jaten duguna mundu guztian); tokian tokiko ekonomian, kulturan, ohituretan eragina dauka; natura espazioak mantentzen ditu (ez al duzue gero eta sasitza gehiago ikusten bazter guztietan?), uraren zikloa erregulatzen laguntzen du…
Baserritik bizitzea ez da kalkulagailua hartu eta zenbaki batzuk idaztea, positibo edo negatibo ateratzen den ikusteko. Gizakiak etorkizunik izango badu, baserritik bizitzearen kalkuluak denontzat positiboa ematen duela ulertu behar du.