Azaroak 20
Merezi duguna jasotzen ari ote gara? Eratu dugun sistema zoroak bereak eta bi egin ahal du? Izango garena, izan nahi duguna berridazteko unea heldu da? Stop! Reset!
Goizeko hamarrak. Ostirala. Urdin. Edo beltz. Berdin du. Gaur ere toki berean nago. Kateatuta. Etxeko balkoia herriko plaza zabala bailitzan. Eguneroko bankuan eseri, zigarroa piztu, kafe beroa xurgatu, Helloween taldearen Eagle Fly Free kanta topera jarri eta landareen artetik ogia erostera gerturatu diren ausarten ilada zenbatzen hasi naiz. Bat, bi, hiru eta lau. Bakarrik. Garai batean berrogei lagunek okupatuko luketen luzera inbaditzen badute ere. Hor daude, begiak zabal-zabal goiko kontzertuari begira, pandemia desafiatzen.
Lau hile luze joan dira arnasketarako tutua kendu eta elektrokardiogramaren seinalea normalizatu zenetik. Kobazulotik irten eta medio guztietan gizakia garaile zela irakurri zitekeen. Kalean festa. Hondartzetan derrigorrezko metro eta erdia errespetatzen zuten toailak bata bestearen ondoan jarrita. Fabriken kea berriz martxan. Balore-burtsak gora. Inoiz baino bizi esperantza handiagoa duen ekonomia bogan. La ostia ginen!
Zuloan emandako denbora luze horren bizipenak mota guztietakoak izan dira. Bakardaderik krudelenean mundutik joandako senideen agurra. Familia negozioaren amaiera. Tratu txarren hasiera. Zorren zama. Etxerako lanen pilaketa. Edo potroetara arte gaituen lanaz merezitako deskantsua hartzen. Benetako familia giroaz gozatzeko unea. Bakardadean lasai irakurtzeko, musika entzuteko, filmak, dokumentalak edo telesailak ikusteko parada. Eta nola ez, auzoa osatzen duten aktore guztiak, behingoz, ezagutzeko aukera.
Baina desfasearen ostean jaso dugun jipoia ikaragarria da. Bigarrengoz, kaleak hutsik. Fabriken poluzioa faltan. 60 metro koadroko kartzela honetan sitiaturik. Lonatik altza ezin. Ehun kilo opiazeo edo lau orfidal zanpatu bagenitu bezala. Ikusten dugun hori ondo enfokatu ezinik. Mundu honetatik behin betirako eraman behar gaituen meteorito puta horren etorrera desiratzen.
Behera begira nabil, ez etsipenez, baizik eta eroetxean agintzen hasi den gaitzaz nire burua libratu nahian. Zerura jarrita, laugarrengoaren hankatarte zuria aurrez aurre dut. Ogi eta prentsa erosketak egiten bidali duen dronaren lurreratzea itxaroten. Ezkerreko eskukoak lau ordu daramatza balkoian, Banestoko mailota soinean, bizikleta estatikoarekin lehiatzen. Beste aldean dudan familiak food-truck-a ezarri eta astebururo jai giro horizontal eta bertikala pizten du janari bete ur baldeen joan etorriarekin. Fotosintesi etenezinaren terapia aplikatzen ari da goiz eta arratsaldez etxetik kanpo bizi den beheko solairuko alarguna. Lehenengoko agureak bideokonferentzia bitartez ezkondu ziren atzo, eta goikoen petalo gorriak jaso zituzten. Hemen bat, planeta honetatik at eramango duen Copernicoren teleskopioa noiz iritsiko den zain dagoen bitartean, urtebetetzeko kandela piztu, martxoan jarri zituen mailuki landareen produkzioa komunitatean banatzen hasi eta neguko barazkiak landatzen hasi da. Ikusi ahal duzuenez, ekonomia soziala bere onenean dago.
Merezi duguna jasotzen ari ote gara? Eratu dugun sistema zoroak bereak eta bi egin ahal du? Izango garena, izan nahi duguna berridazteko unea heldu da? Stop! Reset! Planetak bere azken abisua eman berri digu. Gogor eutsi eta besarkada estu bat guztioi. Lagunok!