Aurpegi bistan
Gehienok kareta bat baino gehiago eramaten ditugu soinean. Lanekoekin, kuadrillakoekin, bikotekidearekin, familiakoekin, militantzia-kideekin… jantzi eta erantzi, erantzi eta jantzi. Harik eta zail den arte kareta gabeko gu hortaz jabetzea. Kareta nor izatearen parte bihurtzen da nolabait, hura gabe nor ez izateraino. Orain arte, modu sinbolikoan gertatzen zitzaigun hau, metaforikoan, abstraktuan, eta ez literalean, harik eta COVID-19a iritsi zen arte.
Aurreko astean, goizeko 08:00ak izateko minutu gutxiren faltan irratian entzun nituen zenbait gazte musukoa kentzearen beldurraz hizketan. Erreportaje bat egin zuten Euskadi Irratian, maskarak, eta, pandemiak oro har gazteengan sortu duen ondoezaren inguruan. Ikastetxe publiko bateko eta bi itunpeko irakasle, zuzendari eta orientatzaileak jarri zituzten hizketan, eta, noski, gazteei ere eman zieten hitza. 08:00etan lantokira sartzen nintzela eta, ez nuen erreportaje osoa entzuteko betarik izan, baina laburpenean entzun nituen gazteen zenbait adierazpen. Maskara kentzeko zuten gogoaz hitz egitea espero nuen, arnasa hartzeko beharraz, aspaldiko partez mundura aurpegi bistan irteteko nahiaz, baina ez zen hala izan. Neska ahotsean entzun nituen nola kostatzen ari zitzaien bi urteren ondoren aurpegia biluztea: sudur handia zuela zioen batek, eta orain berriro bistaratzeak erreparoa eragiten ziola; akneaz mintzatu zen bigarren bat, ezkutuan zituen granoak berriz azaleraztearen beldurrez.
Bere kalte guztiekin, anonimotasuna ere eman du itxuraz maskarak, eta, horrekin batera, segurtasuna. Lehen ezinbestean erakusten genuen hori iztukuko bilakatu dugu, eta hutsuneak irudimenari ematen dion tartea baliatu nahi izan dugu itxuraz, beste geu batzuk sortzeko. Bi urte hauetan inguru formaletan ezagutu ditugun lagun, ezagun, lankide eta ikaskideen aurpegiak imajinatu eta eraiki ditugu, asmakizunak bailitzan, eta, orain, errealitatea gailendu zaio irudimenari.
Antzeko zerbait gertatzen zaigu udararo, neguan zuritutako azalak eta mamiak eguzkitara ateratzeko lehen asteetan, Push up galtzetan eta bakerozko oihal gogorretan ezkutatutako izter zatiak tranparik gabe libre uzten ditugunean. Bi urteren ondoren galtzak eranstearen pareko irudituko zaio zenbaiti musukoa lepora jaistea.