Auro Ansorregi: ‘Jokoa’
Jokoa ez dela errenta entzuna dut aspalditik eta egiatik baduela ziur naiz. Euskaldunok betitik izan omen gara joko eta apustu zaleak. «Eta zer?» esango du beste batek, baina izugarri harritu nau aldizkari baten irakurritakoak; bertan dio sarean jokoak gora egin duela modu oso-oso deigarrian eta batez ere gazteak direla bere sareetan harrapatutakoak.
Jokozale batek dio kopuru txikiarekin hasi zela eta hasierako txanda haietan irabazten zuelako erraz irentsi zuela jokoaren amua. Egunetik egunera jokoarekiko grinak ere gora egiten zuela eta konturatu orduko zurrunbiloak harrapatuta zeukala. Bere zaletasun hari aurre egiteko gezur txikiekin hasi eta iritsi zela eguna non dena lehertu zitzaion bere aurrean, eta beranduegi zen. Familia, lagunak eta inguruko guztia galtzeaz gain, irteerarik gabeko kalean aurkitu zen.
Ohikoa omen da kirol apustuetatik hastea, telebista bidez iragartzen dituzte gainera. Edozein kirol mota dela ere, apustuak egin eta dirutxo bat irabaztea izan daiteke galbidearen ataria. Sarearen bidez izateak asko errazten du jokozaletasunerako bidea, norbere etxean edo gelan, lasai, inor gutxik ezer jakin gabe, klik bat egin eta jokoaren ateak zabalik dituzu.
Ludopatek, kasinoak, apostu etxeak, bingoak… eta antzekoak dituzte gogoko baina hauetara joateko adin nagusikoa izan behar. Sarearen bidezkoetan berriz, ez diete eskatzen karnetik nerabeei, nahikoa dira heldu baten nortasun agiria eta kreditu txartela jokoari ekiteko. Gainera, hogeita lau orduz eta astegunetan eta jai egunetan daude zabalik.
Jokalarien artean unibertsitatetik pasatakoak eta baliabideak dituztenak asko omen dira eta neska gazteen kopuruak ere gora egin duela jakin da. Psikiatrek diote sarean jokoak menpekotasun handiagoa sortzen duela joko arruntak baino. Jokoan hasi eta handik bost-sei urtera sortzen omen da desoreka eta nahasmena. Sarean, berriz, nahikoa omen dira pare bat urte seinaleak bistaratzeko.
Bestalde, teknikek ere aurrera egin dute. Lehen ordenagailua behar zen internetera iristeko; egungo telefonoek lana errazten dute eta norberaren telefonoak ahalbideratu diezaioke sarerako konexioa jokalariari.
Arlo honetan diharduten profesionalek alarma pizteaz gain arazo larri honi irteera eman behar zaiola diote; alkohola, drogak eta antzeko arriskuekin jokatzen den bezala Joko era honek ere argi gorria piztua duela eta neurri gogorrak hartu behar direla berandu baino lehen.