Askatasuna eta maitasuna, elkarren eskutik
Aske. Ez dut maitasuna beste modu batera ulertzen. Lagun arteko maitasuna, familiarenganakoa edota bikotekidearenganakoa. Bakoitzak nahi duena maitatzeko askatasuna izan beharko lukela sarritan entzun edo irakurri dut azkenaldian, baina argi dago oraindik ez dugula guztiz aske maitatzeko eskubiderik. Gizarteak behin inposaturikoa jarraitu ezean, jai dugu. Hori da gaur egungo albisteak irakurrita etengabe bidaltzen diguten mezu ezkutua.
Mundu honetako edozeren printzipio beharko luke askatasunak. Inori kalterik egiten ez dionetan, bakoitzaren aukera beharko luke nor, noiz eta nola maitatu aukeratzea.
Ezinbestekotzat dut egiten dugun guztia askatasunez egitearen ideia. Eta maitasunez. Bi ezaugarri horiekin egindako guztia ongi egina dagoelaren ideiaren jarraitzaile naiz. Emaitzak begiratzea baino ez dago, inposaturiko zerbait egitearen eta norberak nahi duelako egitearen arteko lehian, nire ustez, argiki irabazten du maitasunez egiteak. Maitasunez eta askatasunez, noski. Nire buruan kontzeptu bi horiek eskutik baitoaz.
Txikitan, ikusten duguna jarraitzeko joera izaten dugu, baina nagusitzean, bakoitzak bere burua ezagutu eta bere hego propioak sortu behar ditu, hegan egiteko ordua heltzean, horretarako prest egoteko. Hego horiek bakoitzaren esperientzia, bizitako negar, irribarre eta sentimentuez beteta sortzen dira. Askatasun guztiz, epe labur eta luzeko etorkizunean ahalik eta zoriontsuen izateko helburupean, eta beste behin, maitasunez.
Aske bizi nahi dut, aske maitatua izan nahi dudan eta aske maitatu nahi dudan bezala.