Andrak, erratzak eta usoak
Duela egun gutxi batzuk Gernikako Udalak andrazko baserritarroi zuzendutako eskultura bat jarriko duela irakurri nuen egunkari batean, urteetan, dagoeneko mendeetan esan dezagun, egindako lanaren omenez.
Ez naiz ni omenaldi hau kritikatzen hasiko. Are gehiago, andrazko baserritarraren omenaldiaz gain, eskultura berean andrazko plazako erosleen omenaldia ere egin beharko litzatekeela uste dut, batak iraun badu, bestearen laguntzaz izan bait da. Plaza, merkatua, alde bien arteko harremanean sortutako zerbait da; batez ere baserritar eta kaletarren arteko harremana, baina, bereziki, ehuneko ehunean izan ez bada ere, baserriko andrazko eta kaleko andrazkoen arteko harremana. Uste dut omenaldizko eskulturan alde biak agertu beharko liratekeela.
Ez naiz omenaldi honen aurkakoa, neuk ere neuretzat hartzen bait dut omenaldia. Hain feminizatua egon den lanbide honetan, asteleheneroko andra baserritarrarena, gauden gizonezko gutxiok ere geure burua andra baserritarraren omenezko eskulturan ordezkatuak sentitzen garela esan daiteke. Ia mende laurdena Gernikako merkatuan geure baserriko barazki eta frutak saltzen egon eta gero, uste dut badudala horrela berba egiteko merezimendu nahikoa. Neuretzat ere hartzen dut omenaldi hori.
Beste berri bat ere irakurri nuen pasa den astean. Gernika-Lumoko Udalak garbiketa alorrean egindako lanari esker «platinozko erratza» saria jaso du, bigarren aldiz jaso ere. Poztekoa da gure herriak (badakit, ni Ajangizen bizi naiz, baina saldu Gernikan saltzen dut, erosi Gernikan erosten dut, tramite asko Gernikan egiten ditut…) holako sariak lortzea garbitasunean egindako lanagatik.
Garbitasunak garbitasun, 2020. urteko abenduaren 14an merkatuko saltzaile eta erosleen 74 sinadura batu eta udaletxean aurkeztu genituen merkatuan zegoen uso kakaren arazoari irtenbidea eskatuz. Kasu askorik ez, usoek eta kakak hor diraute eta. Irtenbideak garestiak ei dira, eskulturaren 90.000 euroak baino gehiago?
Ez dugu platinozko erratzik eskatzen merkatu plaza garbitzeko, ezta eskulturak gure lana omentzeko, gure lana baldintza duinetan egin ahal izan nahi dugu.