Amildegiaren ertzean
Berriro ere, hemendik.
Berriro ere, barruko zurrunbiloa kikuka.
Berriro ere, sentsazio hori ate joka.
Berriro ere, leial eta zain.
Hitz aproposak bilatzen nabil egoera deskribatzeko. Edo, agian, saiatzen. Aho batez azaltzea ez baita hain erraza.
Euskaltzaindiak honela definitzen du: Zenbait eritasunek, bereziki neurosiak, eraginiko larritasun patologikoa. Hortaz, nola azaldu amildegiaren ertzean bizitzearen etengabeko sentsazioa? Nola azaldu kontrola ezinak diren erreakzioak? Nola azaldu etenaldi amaigabe batean murgilduta egotearen sentsazioa? Malkoak. Frustrazioa. Ahultasuna. Ikara. Egunerokotasunean konplexutasuna osatzen duten emozio horiek, nola azaltzen dira?
Antsietatea, nire aurkari nagusia bihurtu da. Barrenean sentitzen dudan hutsuneetatik elikatzen baita. Askotan izkutatu nahi ditudan sentsazio horiek azaleratzen ditu, are pentsamenduak. Antsietatea nire gorputzaren jabe bihurtzen da. Nire gorputzeko estimuluen eta buruaren gidari. Sentimendu guztiak hankaz gora jartzen ditu eta beldurrak balantzan. Antsietatea hutsune guztien erantzule bihurtu da. Erantzun bako galdera, jarrera eta erreakzio guztien buru.
Horrenbestez, nire egunerokotasuna beraren zain geratzen da. Noiz agertuko denaren artegatasunean. Eguna nola baldintzatuko duenaren etengabeko pentsamendu erailean. Indartsu gisa definitu nintzen, eta askotan horrela definitzen naiz. Izan ere, non geratzen dira barneko indar guztiak, nire etsai nagusia agertzen denean? Non gelditzen dira egindako ariketa, aurrerapauso eta barne lanketa guztiak? Antsietatea amesgaiztoaren ordezkari nagusia bihurtu da. Zulo ilunaren sentipena. Noragabearen isla.
Halaber, bide ilun guztietan bezala, argi txikiak ere agertzen dira, nahi duguna baino beranduago bada ere, itxaropenez beteta daudenak. Nire argi txiki horiek nire arnasguneak dira. Antsietatea bada bere konplexutasunean neketsua, are suntsitzailea. Azken finean, ezinegon honekin bizitzea ez baita atsegina. Alabaina, ingurua arnasgunez beteta duzunean, nekeari kemenez ekiten diozu. Beraz, nire esker guztiak zuei. Nire ondoan jarraitzeagatik, besarkatzeagatik. Jarraitu dezagun loratzen, maitatzen, eta taupada bakoitzaz irribarre bat ateratzen etsaiari.