Alex Zubia: Motxilaren umea
Badator uda, neska-mutikoek beraien motxila erraldoiak bazter batean utziko dituzte iralierarte hautsa hartzen. Eskolako liburu, koaderno eta ordenagailuak utzi… Hau da, liburu eta koadernoak utzi eta bainu-jantziak hartuko dituzte. Paraje ederrean bizi gara udaz gozatzeko umea izanez gero. Hondartza, ura, mendia, itsasoa, jaiak… A ze enbidia bi hilabetetan ardura barik bizi izate hori.
Udalekuak ere badatoz, eskola ez dagoenean neska-mutilek urtean egin ez ditzaketen ekintzak egiteko. Horietara joaten dira asko eta asko. Alde batetik, gurasoak lanean egon eta beraiekin ezin direlako egon. Bestetik, beste lagunekin gozatzeko jolasetan, kiroletan… orduari begira egon barik. «Afaltzera, bihar klasea dago eta…» ahaztu egiten dute aste batzuez. Geuk, gurasook ere ahazten dugu presio hori, beranduxeago ibil gaitezke, eta hurrengo egunean lo egiten utzi.
Baina badira guzti hori egin eta hala eta guztiz motxila alde batera uzterik ez duten umeak. Ezagutzen ditut halako batzuk eta zorionez, motxilaren barruan irrifarre eder bat dute. Irrifarrea motxilan eta irrifarrea aurpegian.
Ez da motxilan duten bakarra. Motxilak asteko edota asteetako oroitzapenak ditu; baita malkoak ere, horiek ere han gordetzen ditu. Eta nekea, kilometroak, ametsak, itxaropenak. Erlojurik ez du, erlojuak aurrera ez egitea nahiko luke eta; baita erlojuak arin-arin egitea aurrera. Halako kontraesanean bizi da.
Gauza asko gordetzen ditu motxilan urtean osoan alde batera utzi ezin dezakeen umeak. Hainbeste gauza non, gutariko askok eraman beharko bagenu, lurrera eroriko ginen samaren samaz.
Baina berak ez, bera hor doa astebururo, edo hamabostero, edo hilero, edo ahal duen oro, bere motxila hartu, bere irrifarrea hartu eta hor doa, Espainian zehar, Frantziar zehar, munduan zehar sakabanatutako aitari, amari, etxekoari bisita egitera.
Eta dihoanean, motxilan gainezka egiten duen irrifarrea eskeintzen digu. Asteburu luzea du, astuna, baina a ze poza hartuko duen, gartzeleroak atea ireki eta maite duen hori besarka