Alex Zubia: "Barrukoak astinduz, milaka horietariko bat"
Duela hilabete inguru Juan Mari Torrealdai entzun nuen irratian. Zirrara sortu zidaten bere hitzek, esaten zuenagatik baino gehiago, bizi-arazi zidatenagatik. Bere atxiloketaren unea kontatzen zuenean, txakurren arteko egonaldiko uneak kontatzen zituenean, nire barruak astindu ziren, nire bizipenak berriz burura etorri. Euskal Herriko historian bada historio bat, milaka bider errepikatua, milaka bider pertsonala dena, bakoitzak berea du. Baita milaka bider ixildua, txakurrek ixildua, epaileek ixildua, politikari eta komunikabideek ixildua… Torturatuek eurek ere ixildua sarritan.
Kanpotik ulertzea ez da erreza. Asteon Ibon Fleury-Merogis espetxean kartzelariek jipoitu dutela irakurtzeak samina dakar askoren buruetara, baina ematen duen amorru eta elkartasun sentimendu horretatik haratago, nola sentitu berak duen inpotentzia halakorik bizi ez duenak?
Jipoitu duten kartzeleroak dira gaur bertan gosaltzeko atea ireki diotenak, patiora joateko, bisitara joateko… Eta gauez berriz ziegan zerratuko dutenak. Baita edozein unetan berriz jipoitu dezaketenak.
Milaka banako osatzen dugu gure herriaren egunerokoan eragina duen kolektibo handi bat, era batean edo bestean polizi –berdin dio bere kolorea eta hizkuntza– eta kartzeleroen eskuetatik pasatutakoak.
Eskuburdinak dira nik gehien gogoratzen dudan gauza. Atzean lotutako eskuburdinak. Agian, ulergaitza egingo zaizue, baina hori da buruan gehien nuen gauza. Denbora luzez ezin nuen eskuak atzean jarrita pasiatu, eskuburdinen irudia zetorkidan burura, atxilotua egotearena, komisaldegian egotearena. Puerta del Soleko Gabonetako kanpaikadek bezala. Han zegoen komisaldegia. Ordu laurdenero jotzen duen erlojuaren azpian. Zein astiro dihoan denbora arin pasatzea nahi duzunean…
Denboraz, bizitzak aurrera jarraitzen du, eta eskuak atzean ipintzea lortu nuen. Urte asko pasatu badira ere, eskuak atzean ipinita nabilenean komisaldegikoa eta harantza-honantzetakoa datorkit burura oraindik. Maiatzak Blanca, Iñaki, Mutriku,Txiki, Ruso, Jon eta Joan Carles oroitzeak dakarren bezala.