Asko aldatu da idazlea. Jada ez da mundua arbuiatzen duen izaki matxinoa; galdu du behinolako galtzaile-nahia, eta galtzaileen leinukoen harrotasun betierekoa. Ez darabiltza aitonaren jertsea, merkatu txikian erositako jaka zaharra nahiz gerrian zabalegi doakion praka nasaia. Idazlea asko aldatu da: ez dago minduta, ez dauka herrenik, mundua ulertzen du eta munduak bera uler dezan ahaleginak egiten ditu. Idazlea vedette-a da, musika apur bat aski du dantzan hasteko.
Jada ez doa psikiatrarenera, ezta behar ere. Zerua ez da itsaso zikin bat. Goizak ez dira untzez betetakoak. Ez du premiagatik, antsietatez idazten; papera ez da bere burua trenbidera botatzeko bulkadaren kontrako botika. Distiraz idazten du, bikaintasunez, idazteak pasioz betetzen du. Baina ez da alkanfor usaineko intelektual ile koipetsu horietakoa: ez zaitu liburu kontuekin aspertuko.
Idazleak ondo daki gizartean jendetasunez jokatzen; nola ez du jakingo: ez da etxetik irtetzean hilkutxatik irtendakoaren itxura kaskarra duen izaki galdu, despistatu, anakronikoa. Egun, ez dio modari muzin egiten: gimnasiora joan eta ispiluaren aurrean pisuak altxa ditzake, zinema izarrak besteko lerdena izan dadin —literatur merkatuak hala eskatzen badio—. Norbaitek pentsa dezake idazleak literatura merkatua dinamitatuko lukeela, baina ez da horrela: idazlea merkatuan bizi da. Han dago, sinple-sinplean, eta ez du handik at bizitzeko aukerarik ikusi gura.
Idazleak, horregatik, ez du testua gehiegi maite. Irakurri, zertxobait irakurtzen du, eta, ahal bada, bere idazkera bainoago, bere irudi soziala aberastuko duen idazleren baten obra; kontua ez baita irakurtzea, irakurri beharrekoa irakurtzea baino. Idazleari, beraz, zer irakurri behar duen esatea gustatzen zaio, horrek bizia errazten dio. Irakurtzean gozatuko duen ez zaio axola (ez du gozatuko), plazerra gero etorriko baita, modako idazleekin modako liburua aipatzeko eta eztabaidatzeko tenorean.
Idazleak ez daki deus teoria literarioari buruz, esan dugun legez, irakurtzeko garaian beste gauza batzuk egiten dituelako; berbarako, Zarako pitillo-prakak edo Ray-ban markako betaurrekoak erosi. Baina horrek ez du esan gura idazle handien esanak oroitzen ez dituenik, aipatu beharreko idazleen aipuak. Asko gustatzen zaio, izan ere, bere erudizioaren bidez idazlea dela erakustea, eta ez, demagun, arotza.
Idaztea, idazlearen bizitzan, marginalia bat da; jarduera konplementarioa. Plazan agertzeko apaintzea da inportanteena, lagun literario aproposak izatea edo ekitaldi literarioetan agertzea, ahal bada izendun musikariek lagunduta. Sare sozialetan ere agertuko da, mundua hatz artetik eskapatu ez dakion. Idazlea hor dago, gizartea dagoen lekuan, modernotasun totalitario eta akritikoaren muinean. Politikarien zein kirol izarren moduan, eguna bere harreman-sarea mimoz aberasten emango du, bere ametsa sare horrek berak merezi duen tokian jarriko duela baita.
Eta, idatzi? Inoiz idazten ote du? Beno, ez gaitezen engainatu: idaztea ez da inportantea. Gure egunotan, inork ez du irakurtzen, ezta? Idazle izatea ez baita idaztea, literatur merkatuak idazletzat sal lezakeen figura antzeztea baino. Eta antzerkia, ondo dakigu denok, lan gogorra da oso.