Aldaketak badira, gehitzeko izan daitezela
2015.a aldaketa urtea izan da. Bai, behintzat, zenbait esparrutan. Bai, behintzat, Gernika-Lumon. 2014ko abenduaren 31tik aldaketak izan dira. Bai, behintzat, euskal presoen eskubideen aldeko defentsan.
Eta zer aldaketa diren horiek galdegin duen horrentzat, hona hemen azalpena: Gabonzaharretan 17 urtez egin izan den, eta aurten ere hala egin den euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko mobilizazioak aldaketa jasan du. Zoritxarrez, ez onerako, trabak jartzeko baizik.
Orain urte batzuk Arbolapera elkarteak, eta iaztik Sare euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko herritar sareak antolaturiko ekimen honek aldatu ez den presoen sakabanaketa politika amaitzea du helburu. Dispertsioa ez da aldatu, ez. Gernika-Lumoko Udalak urtero hartu izan ditu ekitaldi hori antolatzeak dakartzan gastuak bere gain. Aurten , ordea, udalarenak diren bitartekoak uzteko prestutasuna agertu du, baina hortik haragoko gastuak diruz laguntzeari uko egin dio. Horrez gain, bandoa ere jarri izan da gure portaletan urtez urte, ekitaldian parte hartzeko gonbitea eginez. Aurten horrek ere huts egin du.
Idazki honen bitartez, Sare Gernika-Lumoren izenean, gure atsekabea erakutsi nahi dugu gure herriko agintariek horren aldaketa bortitza eman izanagatik. Espainiar eta Frantziar estatuek aurrera daramaten dispertsio politika aski ez, eta geure herrian ere preso gernikarren eskubideak errespetatzeko oztopoak aurkituko al ditugu? Eta, bestalde, gernikarrak geure artean askotarikoak gara; Gernika-Lumo anitza da. Ez al luke udalak aniztasun hori errespetatu, eta aniztasun hori bermatzeko lan egin behar?
Horiek horrela, eta kritika hertsitik urrun, deia luzatu nahi dizuegu udaleko ordezkari guztioi, eta batez ere udal gobernuko kideoi, aldaketan lagun dezazuen. Baina kentzekoa barik, gehitzekoa izango den aldaketan. Har ezazue parte zapatu honetan, urtarrilaren 9an, Bilbon egingo den mobilizazioan! Preso gaixoak, dagokien eran, behingoz etxean izan ditzagun! Behin betiko sakabanaketa amai dadin!
Eta sakabanaturik dauden preso gernikarren eskubideak defendatzeak udalean gastu gehiagorik sor ez dezan!
Adeitasunez,
Jon Rementeria Larruzea. Sare Gernika-Lumoren izenean.