Badatoz. Aurten beste EPE bat abiatuko da Osakidetzan, langile finkoak hautatzeko prozesua. Gaitasuna ebaluatzeko azterketa nahitaezkoa da, baina horrez gain bestelako merituak ere kontuan hartzen dira: hizkuntzen ezagutza, formakuntza, argitalpenak, lan-esperientzia… Baina azterketa gakoa da. Derrigorrez gainditu behar da. Lehenbizikoak azaroaren amaieran egingo dira, eta betiko moduan, hizkuntza eztabaidagai izango da. Batzuen ustez, Hizkuntza Eskakizunak betetzeagatik puntuak jasotzea ez da bidezkoa, horrek langile elebakarrak diskriminatzen dituelako. Euskara ez omen da kontuan hartu behar. Euren ustez langile egokiak behar ditugu, trebeak, ohituak, eta ez euskaraz dakitenak. Beste askorentzat ordea, hori ez da nahikoa.
Berriz ere, aurten gaiaren inguruko eztabaida irakurri dugu prentsan. Gaitegi zehatzik ezean hautagai bakoitzak bere ikas materiala landu behar omen du. Liburu eta testu gehienak gaztelera hutsean daude alde batetik, eta azterketaren euskarazko bertsioa korapilatsua izaten da, ulergaitza. Euskaldun gehienek gazteleraz ikastera behartuta daude, eta gaztelerazko azterketa aukeratzen dute, halabeharrez.
Eztabaidaz haratago eta Osakidetzaren lerro estrategikoei jarraituz, euskararen normalizazioan beste aurrerapauso bat emateko aukera eskaintzen digu EPEak. Itxura batean denok bat egiten dugu: osasun arreta pazientearen hizkuntzan bermatu nahi dugu, hori baita gure eginkizuna. Legeak hala agintzen du, Osakidetzako lerro estrategikoek hala diote, zuzendaritzak behin eta berriz bere asmo sendoa adierazi du publikoki, eta gero eta jende eta eragile gehiagok hala eskatzen du.
Egungo eredua pazientean zentraturiko arreta da, Erakunde Sanitario Integratuen bitartez. Pazientea betiere ardatz delarik, euskara zerbitzuaren kalitateari lotuta dago, pazientea euskalduna bada. Halere, osasun zerbitzua bere osotasunean euskaraz eskaintzea ez da erraza, egun dauzkagun giza eta baliabide teknikoak kontuan hartzen baditugu. Langile gehienak elebakarrak dira, eta elebidunok erdaraz lan egitera ohituta gaude.
Osasun-langile elebidunak ekoitzi eta hautatu behar ditugu noski, baina hau ez da nahikoa izango. Langileek euskaraz jakiteak ez du berez osasun arreta euskaraz bermatzen. Kultura-aldaketa sakona behar dugu, eta gauza zailik badago, hau da zailena edozein erakunde, sistema edo arloan. Kultura-aldaketa eragiteko, hizkuntzaren gaian behintzat, hizkuntza-kontzientzia bultzatu behar da nahitaez. Hizkuntzak osasun arretaren kalitatean duen garrantziaz jabetu behar gara. Langile trebatuak behar ditugulako, pazienteen ezaugarri eta gogoen neurrikoak.
Bide luzea daukagu aurrean, baina EPEak aukera bat eskaintzen digu. Gaitegian Legedia, Euskara Plana eta Osakidetzaren lerro estrategikoak sartzen dira. Hortik abiatuz hizkuntza kontuan hartuko duten zenbait galdera txertatu ditzakegu. Euskararen legearen gaineko galderak, Euskara Planari buruzkoak, edo hizkuntza eta kalitatea lotuz (lerro estrategikoak erabiliz, besterik ez). Alegia, hizkuntza eta osasungintza uztartuz galdera sorta bat, hizkuntza-kontzientzia bultzatzeko xedearekin. Demagogiaz haratago, ekinaren ekinez, ekimen konkretuen bitartez, pausoz pauso aurrera egiteko beste modu bat. Dakidanaren arabera, Osakidetzako zuzendaritzak Herri Ardulararitzaren Erakunde Publikoari esleitzen dio azterketaren prestakuntza. Gomendagarria litzateke hortaz Osakidetzak euskararen inguruko gaia nabarmentzearen garrantzia HAEPri luzatzea.