Agur 'kortelarria'
Aurrekoan korrika egitera urten nintzenean behin amak kontatutako pasarteaz gogoratu nintzen. Duela urte batzuk gure ama erreka bazterrean korrikan entrenatzen zebilela, behin baino gehiagotan Basauriko korrikalari batekin egiten zuen topo. Korrikalari haren esanetan gernikarrok kriston zortea geneukan, herrian bertan hasi eta erreka bazterretik “Kortelarria” bezalako parajea genuelako, erdia edo kasik osoa basa, naturaz gozatzeko, estresaz deskonektatzeko. Basaurin antza ez da horrelakorik. Bada Bilbon Ibaizabal inguruan korrika ari denik, Guggenheim eta Euskalduna eta asfaltoz inguratuta. Gu zuhaitzek inguratzen gaituzte.
Ez da egongo Gernikan eta inguruan leku horretaz gozatu ez duenik: bizikletan ibiltzen ikasiz, futbol edo errugbirako entrenamendu toki, gurasoakaz korrika zein koadrilako edo lagun minekin berbetan paseo bat emoteko lekua. Leku lasaia. Baina noiz arte? Diputazioak aurreikusitako museo proiektuak – eta horrekin batera egituratutako den oinezko ibilbideak – lasaitasuna urratuko ez ote duen beldur naiz. Nik ez dut, korrika nabilela, turistak sigi-sagan aurreratzen ibili gura – edo eurak ni, jeje -. Beharbada nostalgiko jarri naiz, iragana gogoratzean eta etorkizunaz beldur, garapena beste era batera ulertu gurako neukeelako.