Mikel Iruskieta: Administrazioen laguntza behar du euskarak
Ez da asko gure seme txikiena Bermeoko Ikastolan matrikulatu duguna. Atzera begiratuz, egoera asko aldatu da gu 1980. urtean ikastolan matrikulatu ginenetik. Orduan EAEn ikasle gehienak (% 80) A ereduan matrikulatzen ziren, gure herrian, zeuden lau eskoletatik, Ikastola zen aukera bakarra, besteak A eredukoak ziren. Orain, ordea, Soziolinguistika Klusterraren arabera, Euskal Herrian A ereduan daudenak ez dira % 20ra iristen. Gure herrian nabarmena da hori, A ereduan matrikulatzeko aukera baldin badago ere, ez baitago A ereduko eskolarik (gaur egun dauden hiru aukeretatik). Euskal Herria % 45-50 dira D ereduan eskolaratzen direnak (EAEn, D % 80 eskolaratzen da eskola publikoan eta bestelakoan % 60). Azpimarratu nahi dut gure herrian A eredurik ez badago ere, eredu horretan matrikulatzerik badagoela eta administrazioak ikasle horien aukera babesten duela.
Nafarroaren zati handienean ez da horrelako aukerarik egon orain arte. Orain, legea aldatu dute, eta aurton horretarako aukerarik izan ez badute, datorren urtean izango dute aukera euskaraz matrikulatzeko Nafarroako haur eta gazte guztiek.
Baina dena ez da aurrerapena izan, eta administrazioak, zentzu zabalean ulertuta, ez dio euskarari behar duena ematen. Askotan kalte handiak ere eragiten dizkio. Aipa ditzagun azken gertakariak.
Hasteko, gogora ekarri nahi dut EAEko Auzitegiek behartu dutela Gipuzkoako Aldundia Kanboko Xalbador ikastolari emandako diru-laguntza berreskuratzera.
Bestalde, kontsumitzaileok euskaraz kontsumitzeko administrazioaren laguntzarik ez dugula; izan ere, EAEko administrazioak ez ditu arauak edo dekretuak betearazten. Kataluniako eta Quebekeko administrazioek, ordea, ez dute arazorik dekretu horiek betearazteko, ez eta Espainiako administrazioak, 500 arau baino gehiago betearazten baititu gaztelania hizkuntza ofiziala eta munduan hiztun gehien dituen bigarren hizkuntzaren erabilera bermatzeko.
Horrez gain, Espainiako ordezkariak euskal udalerriak biltzearen aurka egiten du, edo Frantziakoek ukatzen dute Uztaritzeko udalak euskara hizkuntza ofizialtzat hartzea.
Bukatzeko, EAEko unibertsitatean zaila da arlo guztietan euskaraz bizitzea, eta are zailagoa kalitatezko euskaraz bizitzea. Azken adibiderik esanguratsuena da Medikuntza eta Odontologia fakultateko ikasleen protesta, Leioan. 112 (ez da larrialdietako telefonoa) ikasle bildu ziren larrialdi-deia eginez, euskaraz ikasi ezin dutela salatzeko eta EHU eta Osakidetzaren borondate falta kritikatzeko.
Behar-beharrezkoa da orain administrazioak euskarari behar duen laguntza ematea. Munduko beste herri batzuek euskararen berreskurapena eredugarritzat hartu dutenetik, euskara eta bere normalizazioa arazo europarra da, unibertsala, demokratikoa eta justiziazkoa.
Horiek horrela, administrazioak euskararen normalizazioan parte hartuko ez badu, esan nahi dut herritarrok behartu behar dugula administrazioa euskararen berreskurapenean, guztion onerako, behinola, herritarrok estatua giza-eskubideak onartzera behartu zuten bezala, gure aiton-amonek kasu.