Abertzaletasuna
Bizitzan garai desberdinak ezagutzeko aukera izaten ari garenok abantaila daukagu beraiei buruz hitz egiteko. Kasu honetan, hiru garai hartuko ditut kontuan idatzi labur honetan: Franco diktadorearena, demokraziaren lehenengo urteak, eta une honetakoa. Garai bakoitzari buruz nahi beste idatzi daiteke, idatzi da eta idatziko da; horretarako daude historialariak.
Historia idaztean, ikuspegi dersberdinak izaten dira. Eta idatzitako historiari pertsona bakoitzak bizi izan duena gehitu behar zaio. Lerro hauek hiru garai horien irakurketa bat gehiago dira, euskaldun askoren ikuspegia.
Diktaduraren garaia euskal kulturarentzat oso ezkorra izan zen. Dena debekatuta zegoen, diktadura guztietan galtzaileekin gertatzen den bezela. Isiltasuna zen nagusi. 36ko gerraren ondorengo urtetan inor ez zen ausartzen publikoki ezer esatera. Pribatuan, etxe gehienetan ere ez. Herrietan, lagunen artean berdin gertatzen zen; ez zen politikaz hitz egiten. Beldur handia zegoen, eta gazte ginenok ez ginen ezertaz enteratzen. Giro horretan sortu zen E.T.A., eta gertaera horrek ere ez zuen lagundu giroa hobetzen. Baina, poliki-poliki, giroa aldatzen joan zen, eta politikaz hitz egiteko guneak asko zabaldu ziren. Gero eta beldur gutxiago zegoen, nahiz eta askatasun osora inoiz heldu ez. Beti zegoen baten bat politika gaia gustuko ez zuena, eta beste gai batez hitz egin behar izaten zen. Egoera horrek urte asko iraun zituen, eta gaur egun ere, ez da guztiz desagertu.
Asko dira politikaz ez dutenak hitz egiten. Oraindik ere beldurraren itzala luzea da askorentzat. Beldurrak beldur, Franco hil ondoren, demokraziaren lehenengo urteak ilusio handikoak izan ziren euskaldunontzat. Askatasun egarri handia zegoen. Eta euskal kulturan ia dena egiteke zegoen. Zailtasun guztiekin jaio ziren ikastolak, guraso eta laguntzaile askok parte hartuta. Euskal irakasle tituludunak behar ziren eta horretan saiatu ginen konbentuetan eta konbentuetatik pasatutako asko, besteak beste. Ezin da ahaztu garai haietan Euskal Herrian ez zegoela unibertsitate publikorik eta euskal kultura zentro horietan kontserbatu zela neurri handi batean. Giro horretan, euskal abertzaletasuna puri-purian zegoen gure artean. Eta nolabait, nahiz eta ez izan helburu zuzen bat, sentimendu hori transmititu egiten genuen. Garai zailetako ondorioak izaten dira.
Gaur eguneko giroa oso desberdina da. Politikoki, normaltasun baten giroan jaiotako gazteak eta ez hain gazteak osatzen dute egungo gizartea. Euskal politikan eta euskal kulturan ezer berezirik egiteko ez balego bezala, dena lortuta egongo balitz bezala bizi da gehiengo bat. Musikagintzan beti nabarmendu gara euskaldunok, eta antzerkigintzan eta zinegintzan pausu handiak eman ditugu azkenengo urte hauetan. Baina euskeraren arloa motel doala esaten dute inkestek. Gutxi irakurtzen bada, maila ere ezin da oso ona izan. Maila handiko profesionalak ditugu, baina, oro har, herritarren arteko euskarari buruz, ezin da beste horrenbeste esan.