'20.000 behi eta asto bat'
Alex Zubia -Zutabea
20.000 behi, ETBn ematen dituzte bakeradatan ere ez dira hainbeste ikusten eta tira, «estanpida» batzuk itzelak dira.
Duela bi urte Europako esne kuotak bertan behera geratu ziren; nekazal sindikatuek aurrikusi eta ohartarazi zuten etor zitekeena: korporazio handien proiektu erraldoiak bultzatzen, neurri batean, diru publikoz hornituta, eta baserritar txikien gainbehera.
Berriz diot, 20.000 behi!!! Badakizue zenbat sats atera behar den hortik egunean? 500.000 kilo sats egunero. Kamioiak, kamioiak eta kamioiak. Eta exkabadora aurrera eta atzera sats hori kamioietara eramaten. Eta 600.000 kilo jateko egunean. Kamioiak, kamioiak eta kamioiak jatekoa garraiatzen. Eta exkabadorak aurrera eta atzera jatekoa kamioietatik behitokietara eramanez. Hiru errelebotako lanaldiak aurrikusten dituzte, zazpi egun astean, 365 egun urtean, bat gehiago bisurteetan.
«Baina lana sortuko du», esan dute dagoeneko batzuk. Eta egia da, lanpostu batzuk sortuko ditu. Aurrikuspenetan 250 lanpostu sortuko ditu, lanpostu bat 80 behiko. Hemen inguruetan ezagutzen dut 80 behi baino gutxiagorekin dozena erdi lanpostu sortzen dituena, ahalik eta gutxien kutsatuta.
Baina egia, aurreikuspenetan 250 lanpostu daude. Aurreikuspenak aurreikuspen, COAG sindikatuaren arabera 432 baserri desagertuko dira, eta horren ondorioz, 700 lanpostu inguru. Horien artean kinka larrian geratuko lirateke Nafarroako 168 baserri.
Eskualdean? Nola desagertuko dira esne behi baserriak, geratu be ez dira geratzen eta! Bai, nik ezagutzen dut bat, «eta nik beste bat» esango duzue. Baina zenbat guztira?
Nafarroa aipatu dut, makro-proiektu hori aurrera eraman nahi duena Nafarroako kooperatiba bat delako. Bai, euskal eta kooperatiba izatea ere ez da justu edo zentzudun izatearen bermea, zoritxarrez.
Hona etorriz, kooperatiba enpresarial horrek iazko irailean akordio bat sinatu zuen Eroski esnez hornitzeko. Lehen sektorearen aldeko apustua egiten ari zirela esan zuten. Ez dakit, hori niretzat esne behi fabrika bat da, ez lehen sektorea.
Eta astoa non? Astoak geu gara, %100 naturala letra larriz ikusi eta oraindik sinestu egiten dugulako.