'Semaforoa' antzezlana (Gernika-Lumo)
Gernika-Lumo. Logela antzerki taldearen Semaforoa izeneko antzezlan multimedia ikusteko aukera izango dute azaroaren 23an (domeka) 12:30ean, Lizeo Antzokira doazenek. Familiei zuzendutako obra antzerkia, bideo animazioa, interakzioa eta musika biltzen dituen ikuskizuna da.
Eneko da obraren protagoniata, eta ez die kasurik egiten semaforoei. Berehala lortu nahi ditu gauzak, eta, ondorioz, semaforoak oztopo bat dira berarentzat. Baina, Amets izeneko ezezagun batek bizitza lasaiago hartzeko eta gehiago jolasteko gonbidapena egiten dio. Proposamenak, baina, ez du erantzunik, semaforoa gorrian duela zeharkatuko baitu bidea Enekok, eta, bertan dagoen argi erraldoi batek ia-ia irentsiko du. “Ezustekoaren ondorioz, ametsezko mundu batean sartuko da, eta semaforoko pertsonaiek bizia hartuko dute, abentura dibertigarri bat proposatuz”, diote antzerki konpainiakoek. Enekok ez daki zer egin, lehen bezala jarraitu ala semaforoko izakitxoek proposatzen diotena egin, eta buru-hauste horrekin ibiliko da aurrera eta atzera.