'Pelikula bat balitz' arte eszenikoa (Gernika-Lumo)
Gernika-Lumo. Macarena Recuerda Sheperd-ek Pelikula bat balitz performancea taularatuko du Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian, azaroaren 8an (zapatua), 19:00etan.
Pelikula bat balitz ikuskizunak soinuak zineman eskaintzen dituen aukerak aztertzen ditu, antzerki-eszenara eroanez. Soinuak ukitzen dituen irudiak dramatizatzen edo fikzionatzen ditu edota irudioi beste esanahi bat ematen die. Harridura, umorea edo metaforak sortzen ditu, gauza sinesgarrietatik irrealetara eramanez.
Hain zuzen ere, bi elementu narratibo horiek –zinematografiaren soinuak eta eszena– gainjartzeak bien potentzialtasuna erakutsiko dute, eta soinuek aukera mugagabeak sortuko dituzte, eszenari adierazpen-kode infinitua emanez.
Macarena Recuerda Sheperd-ek arte eszenikoetako, antzerkiko eta dantzako trebakuntza du. Institut del Teatre-n lizentziatu zen arren, artearekiko topagune berriak sortzea helburu duten parte-hartze bidezko proiektuak ditu interesgune. 2012tik, ikuslearen rolaren inguruan ikertzen du, eta elkarrekin jolasteko, sortzeko eta pentsatzeko espazio berriak asmatzen ari da. Hain zuzen ere, ikerketa horrek bi lan-ildo ditu: bata, oholtzako lengoaiari buruzkoa; eta, bestea, parte hartzeko espazioei eta izaera pedagogikoa duten espazioei buruzkoa.