Kartel politikoei buruzko erakusketa (Gernika-Lumo)
Gernika-Lumo. Giza eskubideen aldeko sormena: kartel politikoak izeneko erakusketa ikusgai dago Gernika-Lumoko Elai Alai areto txikian, apirilaren 30era (eguena) bitartean. Izan ere, arteak, sormenaren adierazpen gisa, diziplina guztietatik lantzen ditu eguneroko gaiak, tartean kartelen bidez.
Esaterako, alderdi politikoek beraien ideia politikoak zabaltzeko zein jarraitzaileak erakartzeko eta gertaera historikoen aurrean dituzten jarrerak zabaltzeko bitartekoak aurkitu dituzte karteletan. Hala, kartel politikoa irudi zirraragarri, sinesgarri eta gogoratzeko erraza den testu edo eslogan batek osatzen dute.
XIX. mendearen amaieran sortu ziren kartel politikoak, eta gorakada betean egon ziren Lehen Mundu Gerran, propaganda-bitarteko eraginkorra zela erakutsiz. Gaur egun kartel politikoen ospea nabarmen murriztu den arren, aro digitalean, politikoki konprometituta dauden artistek komunikazio artistiko modu hori erabili dute etengabe bakearen alde egiteko premiari eta munduak dituen gatazka armatuak amaitzeko premiari buruzko gogoetak adierazteko, adierazpen-askatasunik ez dagoela aldarrikatzeko eta emakumeen eskubide-berdintasunaren aldeko borroka erreklamatzeko.
Eta, hain zuzen, kartel horietako batzuk dira Elai Alai areto txikian ikus daitezkeenak. Zehatz esateko, 2024an International Socio-Political Poster Biennale erakusketan saritutako lanak jasotzen dira bertan. Biennale hori International Youth Meeting Centre (IYMC) delakoaren Leszek Szusterrek zuzendariak eta Paween Warchoen artistak jarri zuten martxan 2004an, eta ekimen hori IYMCren proiektu garrantzitsu eta ospetsuenetako bat da egun: kartel politikoaren erreferentea den kultura-zentro garrantzitsua bilakatu da.
2024ko Biennaleko 10. edizioan mundu osoko 24 herrialdetako 207 artista aurkeztu ziren. Guztira, 481 kartel aurkeztu zituzten, eta epaimahaiak 80 hautatu zituen. Eta, erakusketa honegaz, agerian geratzen da Oświęcim eta Gernikaren arteko lotura: bi herriek 2025eko apirilean Adiskidetasun akordioa gauzatu zuten, “herrien arteko bakearen, memoriaren eta errespetuaren” izenean, “memoria historikoa elkar ulertzeko eta bakerako zubi bihurtzeko” helburuarekin.