'Ezer ez delako amaitzen' antzezlan multidiziplinarra (Gernika-Lumo)
Gernika-Lumo. Ezer ez delako amaitzen diziplina anitzeko antzezlana taularatuko dute maiatzaren 22an (zapatua), 19:00etan, Lizeo Antzokian.
1936ko kolpe faxistaren ondoren, milaka haur euskaldun erbesteratu ziren. Haien istorioak, ordea, ez dira iraganeko orri itxiak: gaurko gazteen galdera, beldur eta ametsekin gurutzatzen dira.
Ezer ez delako amaitzen antzezlana multidiziplinarra da, Loraldia Eskola lerroaren baitan sortua, eta Euskal Herriko leku ezberdinetako bost ikastetxetako DBH eta Batxilergoko ikasleekin elkarlanean eraikia.
Antzerkia, musika eta mugimendua uztartuz, collage moduko pieza garaikide bat osatu dute ikasleek, haur erbesteratuen testigantzak eta gaur egungo gazteen begirada eszenatokian elkartuz.
Ikuskizunak memoria historikoa eta egungo errealitatea lotzen ditu, faxismoa, arrazakeria eta indarkeria berriro ager ez daitezen. Euskaraz sortutako lan kolektiboa da, publiko gazte eta helduarentzat egina, emozioa eta hausnarketa uztartzen dituena.
Antolaketa: Intxorta 1937 Kultur Elkartea
Ekoizpena: Loraldia
Gidoia eta zuzendaritza: Igor Martín de Vidales
Ikastetxe parte-hartzaileak:
Juan Orobiogoitia BHI
JM Iparragirre BHI
Ikasbidea IPI
Fray Juan de Zumarraga BHI
Ibarrekolanda BHI