'Amama: Euskal Herriko ipuinak dantzan' ikuskizuna (Gernika-Lumo)
Gernika-Lumo. Aukeran dantza konpainiaren eta Bapo-Baporen Amama: Euskal Herriko ipuinak dantzan ikuskizunak beteko du Gernika-Lumoko Lizeo Antzokia urriaren 4an (zapatua), 19:00etatik aurrera.
Ikuskizunean ikusten da zelan amama batek ipuinak kontatzen dizkion ohean dagoen bere bilobari. Eta, euskal dantzetan oinarritutako koreografien bidez, zazpi kontakizun izango dira obraren protagonistak, zazpi euskal lurraldeetako herri banatan kontaturiko gai eta pertsonaia ezberdinekin; izatez, leku batean baino gehiagotan kontatzen diren ipuin tradizionalak dira kontatuko direnak.
Ipuinen irakurketarekin batera, baina, dantza izango da ipuinen irudikapen koreografikoaren protagonista. Izan ere, oraingoan, Aukeran dantza konpainia haurren mundura hurbildu da, “errespetuz eta gogotsu”.
Hala, ipuin tradizionalen irakurketa berritua proposatzen du koreografien bitartez bidaia berri bat proposatzen duen ikuskizunak: “Gure herriko geografia ezberdinetan barrena eroango gaitu, pertsonaia harrigarriekin”.