Indarkeria matxistaren kontrako neurrien "baliogabetasuna" eta emakumeek bizi duten "babesgabetasuna" salatu dituzte
Iragan astean Gernika-Lumon erasotua izan zen emakumeari babesa helarazteko mobilizazioa deitu zuen atzo [abenduak 12] Busturialdeko Itaiak. Hartzen diren neurriak "indarkeria matxistarekin bere osotasunean amaitzetik urrun" daudela salatu dute.
Argazkia: Itaia Busturialdea Abenduaren 2an, urruntze-agindua zuen 50 urteko gizon batek bere bikotekide ohia jipoitu, aizkora batekin heriotza-mehatxua egin eta hainbat orduz giltzapetuta eduki zuen, Gernika-Lumon. Iragan domekan atxilotu zuen Ertzaintzak, eta izapideak bukatuta, epaileak espetxeratzeko agindua eman zuen. Busturialdeko Itaiak emakume erasotuari eta haren familiari babesa helarazi eta erasoa salatzeko mobilizazioa deitu zuen atzo [abenduak 12]. eta, besteren artean, indarkeria matxistaren kontrako neurrien “baliogabetasuna” eta emakumeek pairatzen duten “babesgabetasun egoera” salatu zituzten.
Itaiakoek gogoratu zutenez, Gernika-Lumokoa ez da azken hilabeteetan gertatutako eraso bakarra: “Momentuz, Euskal Herrian zazpi erailketa matxista gauzatu dira, eta Espainiar estatuan 38 izan dira, gutxienez”. Halaber, gogoratu dute Iruñan eta Gasteizen bi emakume “denbora luzez giltzapetuta” izan zituztela beraien bikotekideek, baita Iruñan talde bortxaketa bat eman zela eta Irunen gizon batek bere bikotekide ohia ito nahi izan zuela ere: “Bilboko udaltzain batek bere bikotekide ohia jazarri du GPS baten bidez kontrolatuz, bi adingabe bortxatu dituzte, bat Sarrigurenen eta beste bat Bilboko komun publikoetan. Hauek guztiak kasu batzuk baino ez dira”.

Argazkia: Itaia Busturialdea
Hala, gertaera guzti horiek indarkeria matxistaren kontrako “neurrien baliogabetasuna” agerian uzten dutela aldarrikatu dute, emakumeek bizi duten “babesgabetasun egoera” salatzearekin batera: “Beste behin, hartutako neurriak indarkeria matxistarekin bere osotasunean amaitzetik urrun daudela ikusi dugu”. Halaber, emakumeak gutxiesten dituzten, matxismoa ukartzen eta zapalkuntza txikiagotzen duten mezuak “gero eta gehiago” direla nabarmendu dute.
Egoera horren aurrean “kalek hartzeko” beharra azpimarratu dute Itaiakoek, “ezin dugulako matxismoa normalizatzea onartu”: “Ezinbesteakoa da erasoen aurrean erantzutea, antolatzea eta indarkeria matxista amaitzera bidean antolatzea”.

Argazkia: Itaia Busturialdea