Gripearen aurkako txertaketaren garrantziaz jabetzeko tailerrak eskaintzen ari da Osakidetza
Sintoma eta afekzio arinen "autozaintza eta kudeaketa segurua" bultzatzeko 'Etxea, zure lehenengo osasun zentroa' programa eskaintzen ari da Osakidetza, herriz herri. Gaur Bermeon egon dira eta azaroaren 26an Gernika-Lumon eskainiko dute hitzaldia.
Gripearen aurkako txertaketaren kanpaina bihar [azaroak 4] hastekoa zen Osakidetza, baina datu epidemiologikoek kanpaina aurreraretu eta urrian martxan jartzera behartu zituen. 52.350 izan dira kanpaina hasieratik Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan txertoa jarri dutenak, horietatik 3.500, bermeotarrak. Inmunizazioaren garrantziaren jakitun, Barrualde-Galdakaoko ESIko Erizaintza Komunitarioko taldeak prebentzioa bultzatu gura du, eta horretarako biztanleriarentzako hezkuntza-programa abiarazi dute, Etxea, zure lehenengo osasun zentroa izenburupean. Gaur Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean izan dira, eta azaroaren 26an [eguaztena] Gernika-Lumoko Kultur Etxean egongo dira, printzipioz, 12:00etatik aurrera.
Tailerretan gripe- eta katarro-sintomak “modu seguruan” kudeatzeko baliabideak eskaintzen dituzte: “Xedea da sintoma eta afekzio arinen autozaintza eta kudeaketa segurua sustatzea da, herritarrak ahalduntzeko”. Hala, herritarrak txertoaren garrantziaz sentsibilizatu eta etxean ere prebentzio-neurriak hartzera bultzatu gura dituzte, osasun-arazoak saihesteko “tresnarik onenak” direla zehaztuta. Herriz herri dabilen programak sintoma arinak etxean maneiatzeko ezagutza praktikoa eta trebetasunak, komunikazio positibodun mezua —beren burua zaintzeko gaitasunarekiko duten konfiantza indartzea—, eta prebentzio-mezua zabaltzeko bestelako eragileen inplikazioa eskaintzen ditu.
Txertaketa kanpainak abenduaren 31ra bitartean egongo da martxan, eta osasun langileek familiak animatu ditu, gripearen transmizioa etete asmoz, adingabeen artean inmunizazioarekin jarraitzera. Izan ere, Lehen Mailako Arretan 5 urtetik beherakoen taldea da gripea bereziki pairatzen dutenez, eta “funtsezkoa” da talde horretakoak txertatzea. 6 eta 59 hilabete bitartean dituztenen artean, %23,3ak jaso du txertoa. Halaber, gogoratu dute 14 urtetik gorako pertsona guztiak hurreratu daitezkeela txertaketarako prestatu den Bilboko Etxetxuako errefortzuko zentrora, hitzordua eskatu gabe. Txertoa ohiko osasun-zentroan hartu gura dutenek hitzordua eskatu beharko dute lehenango: Bermeoren kasuan, aste honetan ordua eskatzeko ordutegia 9:30etik 14:45era bitartekoa da.
Osakidetzatik nabarmendu dutenez, Etxea, zure lehenengo osasun zentroa programak “osasun-hezkuntzaren ikuspegia” erabiltzen du, higiene eta prebentzio ohiturak ezartzeko emandako oinarrizko gomendioekin bat datorrena. Gomendion artean daude, esaterako, eskuak garbitzea, aireztatzea eta masukoa janztea. Ekimen honekin, Barrualde-Galdakaoko ESIko erizaintza komunitarioak osasun-prebentzioan eta osasun hezkuntzan duen “lidergoa” berresten duela zehaztu dute, herritarrei beraien “osasunaren kudeaketaren erantzule” egin eta gripearen aurkako kanpainan “oinarrizko rola” eskainez.
Bermeon geldialdia eginda, azaroan zehar Abadiño, Elorrio, Etxebarri, Basauritik igaroko da programa, hilaren 26an Gernika-Lumora iristeko. Tailerretan ez da aldez aurretik izena eman beharko, baina hala ere, hitzaldiaren ordutegian edo lekuan eman daitekeen edozein aldaketagatik, herriko osasun-zentroan edota kultur etxean galdetzeko deia egin dute.