Azaroan odola emateko aukera egongo da Gernika-Lumon eta Bermeon
Euskadiko Odol Emaileek adierazi dute AB- odol motaren beharra dutela gehien, eta horiek odola ematea "premiazkoa" dela.
Odol emaileen autobusa eskualdeko bideetatik dabil egunotan. Urtea amaitu ordurako hainbat hitzordu zehaztu dituzte Euskadiko Odol Emaileen elkarteak Busturialdeako biztanleek odola emateko aukera eskutik-eskura eduki dezaten. Hala, Gernika-Lumon eta Bermeon egongo da odola emateko aukera.
Gernika-Lumori dagokionez, gaur [azaroak 3] 09:30etik 14:00etara egongo dira, eta baita 16:30etik 21:00etara ere, Foruen plazan. Era berean, bigarren hitzordu bat zehaztu dute azaroaren 10erako, ordu eta toki berean. Bermeori dagokionez, azaroaren 19an Lameran egongo da odola emateko aukera, 16:45etik 20:45era.
Euskadiko Odol Emaileen elkarteak jakitera eman duenez, AB- odol motaren beharra dute gehien, eta horiek odola ematea “premiazkoa” dela esan dute. O+, O-, A+ eta A- odol mota dutenei, ostera, hurrengo bi edo hiru egunetan odola emateko eskatu diete, eta B+, B- eta AB+ odol mota dutenei, euren herriko hurrengo odol bilketan odola emateko eskatu diete.