Herritarrengan kontzientzia pizteko azoka
Asteklimaren barruan, Bigarren Eskuko Azokan elkartu dira gaur muxikarrak, eta egitarauak etenik barik jarraituko du 22:00etara bitartean, Kurtzeron. Denetariko eskaintza dute salmahaietan, eta gauera bitartean ez dira tailerrak, musika eta jan edana faltako.
Dibulgazioa, sentsibilizazioa eta esperientzia praktikoak zabalduko dituen Klima eta Energiaren Asteko programak beteko du eskualdea datozen egunetan. Izan ere, dagoeneko martxan dago trantsizio energetiko eta aldaketa klimatikoaren erronkaren aurrean herritarrak sentsibilizatzea xede duen Asteklima ekimena. Programa Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak bultzatzen du, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) eta Ihobe ingurumen jarduketarako sozietate publikoaren laguntzagaz, eta Ekintza oro, txikia bada ere, garrantzitsua da lelopean, heldu zein umeak kontzientzia hartzeko tailer eta sentsibilizazio ekimenek hartuko dituzte kaleak. Udalerrikako jarduerak aurrera eramatea baina, tokian tokiko erakunde eta udalen esku geratu da etah Muxikan, esaterako, beste urte batez Bigarren Eskuko Azokan batu dira gaur [urriak 18] herritarrak.Ā
Kurtzeroko aparkalekua dute topaleku gaur muxikarrek, goizetik eta 22:00ak arte egitaraua prestatu baitute. Izenari jarraiki, bertaratzen direnek bigarren eskuko hamaika produktu erosteko aukera edukiko dute, asko izan baitira etxean behar ez badituzte ere, egoera onean dituzten arropa, jolas, idazmakina, apaingarri edo bestelakoei “bigarren bizia emateko” hautua egin dutenak. Beste batzuk, berriz, materialak berrerabiliz egiten dituzten artisau lanak saldu asmoz bertaratu dira Muxikara.Ā Izan ere, postu asko herriko zein eskualdeko herritarrek jarri badituzte ere, Kantabriatik zein beste hainbat tokitatik ere etorri dira gaurko dendariak. Hala, aparkalekua hartu duten 20tik gora postuetan denetarik aurkitu ahal izango dute urreratzen direnek.

Goizean zehar, gainera, umeek puzgarri eta eskulanak izan dituzte aukeran. Eta ez hori bakarrik, kosmetika tailerrean masajerako kandela eta kakaoa egiten ikasteko aukera izan dute. Haita Artisau Serigrafiaren eskutik, Palestinar herriak bizi duen genozidioa etetearen aldekoĀ mezuekin kamiseta eta poltsak nola serigratu ikasteko aukera ere badute gazte zein helduek. Iragarri dutenez, bildutako dirua Gernika-Palestina Herri Ekimanari helaraziko diote.Ā
Egitarauan etenik egin barik, jan edanerako tartea ere badute muxikarrek, ez direlako txosna edota food truck-a falta. Eguraldia lagun, 17:00etan zirku tailerragaz segituko dute, Txitatoki Urdaibaiko Zirko Eskolagaz. Azoka eta giro herrikoia mantentzea Irrikazu disko festaren esku geratuko da 19:00etatik aurrera, eta eguna berriz, Apokhalipsis taldearen erritmora bukatuko dute.Ā

Datorren barikuan, gehiago. Asteklimako egitarauak urriaren 24an [bariikua] izango du jarraipena Muxikan. Izan ere, energia garbiak erabiltzea eta planeta zaintzea zein garrantzitsua den ulertzen lagundu asmoz, Ana Apikak Naturarekin batĀ ipuin kontaketa eskainiko du 17:00etan, Kurtzeron.