Gernikako jaietatik itzultzeko autobusa egongo da
Gautegiz Arteagako, Kortezubiko, Ereñoko, Ibarrangeluko, Eako eta Elantxobeko udalek Andra Mari eta San Roke jaietako egun batzuetan etxera itzultzeko gababus zerbitzua eskainiko dute. Tiketak aurretik hartu beharko dira, udaletxeetan.
Eskualdeko hainbat udalerik Gernikako Andra Mari eta San Roke jaietatik etxera autoa erabili gabe itzultzeko aukera eskainiko dute, gababus zerbitzua jarriko baitute. Kortezubi, Ereño eta Gautegiz Arteagako udalak jakinarazi duenez autobusa abuztuaren 14an (eguena) —bezperada eguna— eta abuztuaren 16an (zapatua) —San Roke eguna— jarriko dute, eta itzulera ordua 03:00retan izango da bi egunetan. Plazak mugatuak dira eta udalerrietan erroldatutakoek lehentasuna izango dute izena ematean; hala, abuztuaren 13ra (eguaztena) arte eduki dute interesatuek udaletxera gerturatu eta 5 euroren truke tiketa eskuratzeko aukera.
Ibarrangeluko, Elantxobeko eta Eako udalek, berriz, abuztuaren 14an eta abuztuaren 17an [domeka] —San Roketxu eguna— eskainiko dute gababus zerbitzua, Jai seguruen alde lelopean. Egun bakoitzeko bi itzulera ordu finkatu dituzte, 02:00ak eta 05:00ak. Bi egunetan autobusa Gernika-Lumoko bus geltokitik aterako da. Tiketak bost eurotan eskuratu daitezke dagoeneko, udalerrietako udaletxeetan. Izena emateko azken eguna abuztuaren 12a [martitzena] da.