Pablo Gonzalezen aurkako zigor auzibidea berrabiarazi dute
Anna Ptaszek Varsoviako Barrutiko Auzitegiko epaile eta bozeramaileak epaiketa "urrian edo azaroan" egitea espero dutela azaldu du. Pablo Gonzalezi epaiketara bertaratzeko zitazioa bidaliko diote, "auzitegiak Varsovian ezagutzen dituen helbideetara".
Poloniak Pablo Gonzalez kazetariaren aurkako ekinbide judiziala berrabiarazi du, eta epaileak esan duenez, epaiketa “urriaren amaieran edo azaroaren hasieran” egitea espero dute. Hiru urte eta gero, eta Errusiarentzat espiopitza lanak egitea leporatuta bi urte baino gehiagoz kartzelan egon ostean, martxoan Varsoviako Barrutiko Auzitegiak Gonzalezen aurka irekita zegoen zigor auzibidea bertan behera utzi zuela jakinarazi zion Anna Ptaszek epaile eta bozeramaileak Poloniako egunkari bati (Rzeczpospolita); orain, uztailaren 11an Varsoviako Auzitegiak prozedura berrabiaraztea erabaki zuela iragarri dute.
Auzibidea berrabiarazten arrazoiaz jakinarazpenik eman ezin duela azpimarratu du Ptaszekek, informazio “klasifikatua” dagoelako. Hala ere, azaldu dutenez, Poloniako inteligentzia zerbitzuek eta lehen ministroaren kabineteak bildutako informazioak eraman du auzitegia Gonzalez Polonian epaitzeko prozesuan aurrera egitera.
2024ko abuztuaren 1ean aske utzi zuten Gonzalez, AEB eta Errusiak egindako preso trukaketa batean —kazetariak errusiar jatorri du—. Orduan, Polonia utzi eta Errusiara eraman zuten, eta bertan bizi da geroztik. Epaileak azaldu duenez, baina, epaiketa Polonian egingo da, eta bertara agertzeko zitazioa bidaliko diote kazetariari, “auzitegiak Varsovian ezagutzen dituen helbideetara”. Izan ere, delitu larri bat leporatzen zaionez, Gonzalezen presentzia nahitaezkoa izango da gutxienez epaiketaren lehen entzunaldian , karguei erantzun formala eman beharko baitie.
Preso trukaketan aske utzi zutenean ez zioten Poloniara itzultzeko debekurik jarri Gonzalezi; horregatik, epailearentzat ez dago zitazioa aurrera eramateko “oztopo formalik”. Bertaratzen ez bada, auzitegiak bera gabe aurrera jarraitzea erabaki dezake, edo bestetik, “Interpolaren bidez nazioarteko atxilotze-agindua eskatu”, azaltzen da berria zabaldu duen egunkarian. Bigarren aukerak Gonzalez beste herrialde batzuetan atxilotzea ahalbidetuko luke.