Obrak amaitu bitartean, Haizederreko ikasleek Montorreko instalazioak erabiliko dituzte
Eako eta Gautegiz Arteagako udalek lankidetza-hitzarmena sinatu dute, irailetik eta Haizeder eraberritzeko lanak amaitu arte ikasleek Montorre eskolako ikasgela eta instalazioak erabiltzeko.
Natxitua, Ea, Ibarrangelu eta Elantxobeko haurrak hartzen dituen Haizeder ikastetxe publikoa eraberritzeko lanak direla eta, ikasleek ezingo dituzte eskolak Natxituan jaso. Horregatik, Eako eta Gautegiz Arteagako udalek lankidetza hitzarmena sinatu dute, Haizederreko ikasleek, lagapen-erregimenean, Gautegiz Arteagako Montorre eskolako ikasgela eta instalazioak erabili ditzaten. Lagapena irailean hasiko da, eta obrak bukatutzat eman arte iraungo du.
Hitzarmen honek Haizederreko ikasleak “aldi baterako eskolaratzeko beharrari” erantzuten diola azpimarratu du Gautegiz Arteagako Udalak, azken osoko bilkuran akordioa aho batez berretsi eta gero. Hala, hitzarmenak iraun bitartean Eako Udalak beregain hartuko ditu Haizederreko ikasleek sortutako gastuak, hala nola, ura, gasa eta Internet zerbitzua, beti ere, “haurrren ehunekoaren proportzioan”.
Era berean, Natxituko eskolakoek erabiltzen dituzten espazioen garbiketa lanez arduratuko da, eta “erabilera desegokiaren ondorioz” instalazioetan kalteak sortuz gero ordaindu egin beharko ditu. Azaldu dutenez, Gautegiz Arteagako Udalak gastu horik guztiak justifikatu beharko ditu, ondoren Eako Udalak ordainketa egin ahal izateko.