Musika eta argiz beteko dute Lamien eta Atorren Parkea
MAG Elkarteak Mundaka Musika eta Argi Gaua formatu txikiko jaialdia antolatu du zapatuan [abuztuak 9], eguerditik aurrera parkea "musika elegantez" beteko duen egitarauagaz.
Argazkia: MAG Elkartea Mundakako Lamien eta Atorren Parkeak formatu txikiko musika jaialdia hartuko du zapatuan [abuztuak 9], irabazi asmorik gabeko MAG elkarteak laugarren urtez antolatuko baitu Mundaka Musika eta Argi Gaua jaialdia. Zapatuan [abuztuak 2] aurkeztu zuten aurtengo edizioa, Luruna hotelean, eta herritarren erantzungaz pozik agertu dira antolatzaileak, hotela “nahiko beteta” egon baitzen. Missisipi Queen taldeak kontzertua eskaini zuen eta jendea “harrituta” geratu zen bikotearen “izugarrizko kalitateagaz”.
Udalerriko lagun talde batek bultzatuta jaio zen Mundaka Musika eta Argi Gaua, lagun taldekoak gustuko zituzten bi elementu batzea erabaki zutenean: musika eta herria. Formatu txikiko jaialdia Lamien eta Atorren Parkean kokatzea ere ez da kasualitatea, elkarteko boluntarioentzat “leku oso berezia” baita: “Itsasoaren ondoan dago, belarra, landareak eta zuhatzak daude…”. Urtean zehar “herriko jendeagaz partekatzeko” egitaraua lantzen aritu dira, eta zapatuan egindako lana bistaratzeko gogotsu daude.

MAG Elkartea
Parkea laranja koloreko argiz jantziko dute, eta “5 urtetik 75 urtera arteko musika-espektroa” hartzen duen taldeak ekarriko dituzte: “Musika elegantea, ez karrankaria izango da, gozoa, adin guztietako pertsonentzako modukoa”. Izan ere, aurreko urteetan 700 eta mila pertsona artean elkartu ditu jaialdiak, eta aurten ere parkea goraino betetzea espero dute. Horretarako arratsalde eta iluntze guztirako egitaraua prestatu dute.
Parkea 12:000etan irekiko dute, herritarrak jan-edanean murgilduz joan daitezen. Gero, Enne Sax arduratuko da Bermut Ordua deitu dutena girotzeaz. Maila “izugarria” duen saxofonistaren ostean, chill out musika ipiniko dute, herritarrak arratsaldea “lasai” igarotzeko. 20:00etan, berriz, Sax&Dance saxofonistak “beste klima bat” sortuko du parkean. Bertaratzen direnk, Vittersweet hirukotearen eskutik soul eta rock munduan murgiltzeko aukera ere edukiko dute. Gaua berriz, Lady Carrot & The Clocksen erritmora agurtuko dute.