Jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko "benetako neurriak" exijitu dituzte
Gernika-Lumoko Sare Feministak emakumeek bizi dituzten indarkeria ezberdinei aurre egiteko "urgentziazko mekanismoak" behar direla aldarrikatu du.
Gernika-Lumoko Sare Feministak Zizur Nagusiako erailketa matxista salatu eta “nazkatuta, nekatuta eta haserre” daudela aldarrikatzeko elkarretaratzea deitu zuen atzo, Merkurion. Hitzordua senarrak erail zuen emakumearen senide, lagun eta gertukoei “elkartasun eta babes osoa” helarazteko eta jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko “benetako neurriak behingoz hartzea” exijitzeko baliatu zuten.
Erailketa matxistak “indarkeria matxistaren eta estruktura heteropatriarkalaren ondorio izugarri eta lazgarrienak” direla azpimarratu zuten sare feministakoek: “Emakumeak emakume izateagatik erailtzen gaituzte”. Era berean, errealitate horri aurre egiteko “urgentziazko mekanismoak” behar direla aldarrikatu zuten, instituzioen “pasitibotasuna” eta gizartearen konplizitatea salatuz: “Urtez urte, emakumeen aurkako erasoek ez dute etenik. Indarkeria matxistari aurre egiteko, lehen mailako arazo sozial eta politikotzat hartua izan dadin eskatzen dugu”.
Zizur Nagusiakoa jendartearen egitura patriarkala agerian uzten duen “gertakari bat baino gehiago” dela nabarmendu zuten, indarkeria matxistak hamaika aurpegi dituela zehaztuz: “Indarkeria matxista da emakumeon diru iturriak kontrolatzea, indarkeria matxista da kaletik begiradekin akosatzea, indarkeria matxista da eraso bat salatzen dugun bakoitzeko gure hitza zalantzan jartzea, indarkeria matxista da gizonen arteko aliantzak eraikitzen eta sostengatzen jarraitzea eta hartu beharreko ardurei entzungor egitea, eta indarkeria matxista dira egunero pairatzen ditugun adibide gehiagoren zerrenda amaigabe bat”.
Sare feministako kidek autodefentsa feministarako deia zabaldu zuten, bizitzaren aldeko “apustu erradikala” egiten dutelako: “Badakigu antolakuntza eta autodefentsa izango direla gure tresna eraginkorrenak”. Hala, erasoen aurrean isilik ez geratzearen aldeko hautua berretsi zuten, feministak “erantzuteko prest” daudela esanez. Lotsa eta beldurra bandoz aldatzen hasi direla eta, antolatzen eta saretzen jarraituko dutela azpimarratu zuten, “elkarrekin borrokan, denak aske izan arte”.