Herri txikian, auzo jai handiak
San Romaneko III. Kronoigoeragaz hasiko dituzte bariku [abuztuak 8] arratsaldean San Roman jaiak. Zapaturako, berriz, egun guztiko egitaraua atondu du San Romaneko Jai Batzordeak.
San Roman jaiak, iaz. San Romaneko Jai Batzordea “Herri txiki bateko auzoa” da San Roman, baina, urtero-urtero jaiak aurrera eramateko erronka, berriz, handia da San Romaneko Jai Batzordea osatzen duten auzotarrentzat. Gutxi dira lan taldean, eta horrek “gauza txikiak” egin ahal izateko ere lan asko egin beharra dakar. Betiko jaiak prestatzeaz gain, gainera, duela hiru urte San Romaneko Kronoigoera antolatzeari ekin zioten, ordura arteko lan karga handituz: “Gauza asko hartu behar izaten ditugu kontuan”. Bariku [abuztuak 8] eta zapatuan [abuztuak 9] ospatuko dituzte San Roman jaiak, baina horiek iritsi bitartean “aste bizia” dute aurretik batzordekideek.
Bariku arratsaldean ekingo diote festari aurten, San Romaneko III. Kronoigoeragaz. Ekimenagaz hasi zirenean “lagunarteko proba egitea” zen jai batzordekoen ideia; lehenenengo urtean “parte hartzaile gutxigaz” hasi ziren, baina iaz izen emateak nabarmen egin zuen gora: “85 parte hartzailera iritsi ginen”. Aurten zifra hori gaindituko duten ez badakite ere, “antzeko kopurua” espero dute. Izena eman gura dutenek, gainera, bihar gaurdira arte [abuztuak 6] dute horretarako aukera, kronoak.com helbidean. Aurreko urteetan egin legez, bi maila bereiziko dituzte: umeak (15 urtera arte) eta nagusiak (aurten 16 urte egiten dituztenetik gorakoak). “Kronoigoera proba bat da, eta jendeak probak oso serio hartzen ditu”, azaldu dute jai batzordetik. Parte hartzaileek kilometro bat eta 60 metroko ibilbidea egin beharko dute.
“Pila bat jende”.
San Romaneko Kronoigoerak “erantzun ona” izaten du bai heldu zein umeen artean. Umeen proban “pila bat jende” apuntatzen da, antolatzaileen ustetan, “profesionala ez den eta beste inon tokirik ez duen” talde bat osatzen dutena: “Beraientzat ez dago ezer; ez dago lehiaketa izan barik lehiakortasun puntu bat duen zerbait, bakoitzak bere buruarekin jarritako mugak bete ditzan —edo ez—. Profesionalera bideratu gabe, libreko dabiltzan umeek lehiatzeko eskualdean duten ia aukera bakarra da, bakarra ez bada”. Izen ematea, gainera, doakoa da, eta hori “gauza handia” da, kronoigoerak San Romaneko Jai Batzordeak beregain hartzen dituen “gastu asko” dituelako. Horregatik, ahal den heinean gastuak murrizteko, laguntzaileak bilatzeko saiakera egiten dute batzordekideek. Guztira zenbat elkartuko diren ez badakite ere, “gutxienez 20 umek” dagoeneko izena eman dutela aurreratu dute: “
Jai batzodeko kideek “lehiakortasuna kendu” nahiko lekiokete kronoigoerari, batez ere umeen kasuan: “Ez dugu nahi ume bat bera ere sentsazio txarrekin geratzea, babesten saiatzen gara. Proban sufritu arren, sentsazioak arintzeko denei medaila jartzen saiatzen gara”.
Hamasei urteko taldeak, bestalde, bi azpimultzotan banatzen dituzte: emakumeak eta gizonak. Hala ere, emakumezkoen parte hartzea “oso oso baxua” dela nabarmendu dute antolatzaileek: “Parte hartzaile kopurua ez da podiuma osatzen dutenetatik pasatzen, bi edo hiru artean egoten da, eta pena da, bizikletan dabiltzan neskak gehiago direlako, baina ez dute izena ematen”.
Gizonezkoetan, marka onena 2 minutu eta 32 segundoan jarri zuten iaz, eta aurten hobetuko duten ezagutzeko gogoz dira jai batzordekoak: “Kilometro bat eta 60 metro, gutxi ematen du, baina sufritu egiten dute”. Halere, izena ematen duten gehienak beraien marka propioa hobetu nahian aritzen direla zehaztu dute: “Beraien aurreko urteko denbora hobetu nahi izaten dute”.
Jai batzodetik barikuko kronoigoeran parte hartzera animatzeko deia zabaldu dute, “beldurra kendu” eta izen emateko gonbidapena luzatuz: “Askok esaten dute barregarri geratuko direla, baina hemen ez du inork erridikuloa egiten. Bakoitzak bere gaitasunak ditu eta ahal duena egiteagaz nahikoa da”. Gainera, parte hartzaileen artean zozketak egiten dituztela nabarmendu dute: “Nahiz eta txapela irabazi ez, sari askorekin joan daitezke etxera”. Izan ere, laguntzaileek emandako materiala proban aritu direnen artean zozkatzen dute, eta “gutxi” izaten dira San Romanetik esku-hutsik joaten direnak.
San Roman eguna.
Barikua DJ Aaron XTYXek jarritako musikaren amaitu ostean, zapatuan San Roman egunean batuko dira auzotarrak. Egun hori “kanpora begirakoa” izan barik, auzokoentzako jaia izan dadin ahalegintzen dira auzoko jai batzordekoak: “Herri txiki bat gara, auzo bat, eta auzoko jendea hurbildu dadin saiatzen gara”. Eguerdi buelta “adinduei zuzenduta” egoteko ahalegina egiten dute, etxetik ateratzeko aukera bezala ikusten baitute: “Jende edadetua ez da asko mugitzen eta saiatzen gara San Roman egunez, beti nagusien eguna izan denean, beraiekin hartu-emana izaten; pintxoak ematen dizkiegu, eta dantza taldearen emanaldia ere gustora ikusteko dute. Azkenean, adinean gora doaz eta gero eta gutxiago irtetean dira, eta agian hori dute auzoko beste puntan bizi dena ikusteko aitzakia”.
Tortilla txapelketa ere ez da faltako San Romanen. Neurri batean “familiei zuzenduta” dagoen ekintza da, familietako ume eta helduak izaten direlako gehien bertan elkartzen direnak: “Gazteak agian ez dira hona etorriko, kotxea behar delako edo. Baina familiak, beti etorri direnak, etortzen jarraitzen dute”. Arratsaldean, berriz, Muxikako Udalak eta Ciclista Gernikesa elkarteak antolatutako XLVIII. San Roman Saria txirrindularitza lasterketaz gozatuko dute. Elite eta 23 urte azpiko txapelketa izango da, eta txirrindulariek San Romanen izango dituzte bai irteera, bai helmuga. Ibilbideari dagokionez, Kurtzero, Genika-Lumo (Oleskoko sahiesbidetik Errenteriarako bidea hartu), Ajangiz, Mendata (Marmiz, Urrutxu), Zugaztieta eta Muxika zeharkatuko dituzte, guztira bost bira emanez. Sari banaketa 19:30ean egitea aurreikusi dute antolatzaileek.
Bosgarren urtez, irrintzi txapelketa ere hartuko du auzoak. Iaz Lea-Artibaitik etorritako jendea bertaratu zen eta aurten ere “erantzun hori” izatea espero dute. Hala ere, jai batzordetik argi dute sari “dezenteak” prestatu ezean saila dela jendea mugitzea: “Normala ere bada, Ondarroatik ez dira honaino etorriko irrintzi bakarra botatzera, motibaziorik ez baldin badago”. Horrregatik, sari legez “zerbait dezentea” jartzeko ahalegina egiten dute batzordekideek, baina horrek dirua eskatzen du: “Horretarako dirua behar da, eta inoiz ez daukagu dirurik. Ahal duguna egiten dugu jendea etorri dadin; ahal dugunik eta sari onenak ipintzen ditugu”. Gauean dantzarako tartea izango dute, Gauargi eta DJ Aaron XTYX arduratuko baitira festa girotzeaz.
Jaiak ate joka egon arren, azken egunetan “dena gainera” datorrela sentitzen dute batzordekideek, “pertsona gutxi” direlako eta antokuntza beraien lanekin bateratzea “ez delako erraza”. Gainera, dirurik ez dutenez, ezin dute prestaketagaz laguntzeko inor kontratatu”: “Guk egin behar dugu dena, udalaren laguntzagaz, esaterako, muntaketa”. Horregatik, bi dira sarri batzordekideen burutik igarotzen diren ideiak: “Egiten dugun lanerako jaiak arin pasatzen dira, baina aldi berean, amaitu izana eskertzen dugu”.
EGITARAUA
- Abuztuak 8, barikua.
- 16:30. Dortsalen banaketa.
- 18:00. San Romaneko III. Kronoigoera.
- 21:00. Sari-banaketa.
- Ostean, DJ Aaron XTYX
- Abuztuak 9, San Roman eguna.
- 11:00. Txupinazoa.
- 12:00. Meza nagusia.
- 12:30. Tortilla txapelketarako izen ematea.
- 13:00. Baso Txoritxu Dantza Taldearen emanaldia.
- 14:00. Tortillen aurkezpena.
- 16:00. XLVIII. San Roman Saria txirrindulari lasterketa.
- 19:30. Txirrindularitza lasterketako sari banaketa.
- 19:30. Irrintzi txapelketarako izen ematea.
- 20:00. V. Irrintzi Txapelketa.
- Ostean, sari banaketa (otzara, maillota, tortillak eta irrintziak).
- 21:30. Musika gaua: Gauargi eta DJ Aaron XTYX.