Garraiolari bat hil da lan istripuan, Muxikan
LAB Sindikatutik jakinarazi dutenez, zamatze makina batek kolpatu zuen langilea atzo [uztailak 23], Muxikako Ebaki enpresan. Enpresako batzordeak lanuzte eta mobilizazioak deituko ditu datozen orduetan. Muxikako Udalak hildakoaren senide, lankide eta lagunei elkartasuna adierazi, laneko segurtasunak "lehentasuna" izan behar duela azpimarratu du.
Langile bat zendu zen atzo [uztailak 23], Muxikako Ebaki enpresan, zamatze lanak egiten ari zela garraio-makina batek kolpatu eta harrapatu ostean ELA sindikatuak emandako informazioaren arabera, Iriondo Garraioak enpresako langilea zen. Azpikontratatutako garraio enpresako langilea “tokian bertan” artatu zuten anbulantzia medikalizatu batean, baina “zauri larrien eraginez ordu batzuetara hil zela” jakinarazi du LAB sindikatuak.
Era berean, istripuaren arrazoi nagusia lan-eremuko “argiztapen baldintza eskasak” izan zela zehaztu du ELAk. Gertutakoa ikertzen ari badira ere, sindikatuak “erabakigarriak” izan diren neurriak salatu ditu: “Enpresetan dagoen prebentzio kultura falta, lan arriskuen prebentzioaren arloan legeak eskatzen duen koordinazio eza eta prebentzio eta babes neurrietan behar adinako inbertsio gabezia“.
Hiru, LAB, ESK, STEILAS, CCOO eta EHNE-Etxalde sindikatuek elkarretaratzea egingo dute datorren astean enpresaren aurrean, hildako garraiolaria gogoratzeko eta heriotza hauen atzean lan-baldintza kaxkarrak daudela salatzeko.
Garraiolarien Hiru Sindikatuaren ordezkarien hitzetan, Euskal Herrian hamar garraiolari zendu dira aurten: “2025. urtea bereziki tragikoa izaten ari da garraio arloko ezbehar-tasari dagokionez. Uztailerako, hamar garraiolari hil dira lan-istripuz. Heriotzen estatistika latza da aurtengoa, batazbestekoa gainditzen ari da 2025a”.
LABetik, berriz, prebentzio araudiak horrelako egorak “aurreikusten” dituela zehaztu dute, eta arrisku mota hori ekiditeko, enpresa kontratatzaileek “garraiolariek kabinan itxaron edota gune seguruetan egoteko prozedurak” garatuta izan behar dituztela nabarmendu dute: “Atzo, prozedura ez zegoen garatuta edo ez zen abian ipini. Bi aukerak enpresariak dinamizatu behar ditu, legeak arautzen duen moduan”. Halaber, enpresariei ardura kentzeak “istripuak eta heriotzak soilik” dakartzala zehaztu dute, administrazioak 30 urtez “enpresen inpunitatea babesten” dihardutela salatuz: “Aurten dagoeneko 41 hildako utzi dituen erabakia da”.
Hala, zendutako garraiolariaren senide, lagun eta gertukoei “doluminak eta elkartasuna” helarazi dizkiete sindikatuaren ordezkariek, eta Ebakiko komiteak datozen orduetan deituko dituen lanuzte eta mobilizazioekin bat egiten duela adierazi dute. Muxikako udal ordezkariek ere elkartasuna eta babesa adierazi dizkiete hildakoaren senide, lankide eta lagunei, eta “bere oroimenez egiten diren ekimen guztiekin” bat egin du.
Muxikako Udalak adierazpen instituzionala kaleratu du. “Atsekabez” hartu du lan-istripuaren ondoriozko heriotza eta “edozein lan motatan” laneko segurtasunak “lehentasuna” izan behar duela azpimarratu dute udal ordezkariek: “Lan istripuak saihestu behar dira, kosta ala kosta, eta guztiaren gainetik”.
Horretarako, udalak “ezinbestekotzat” jo dute lan-osasunari zein segurtasunari buruzko kanpainak bultzatzen jarraitzea eta “lan-arriskuen prebentziorako arauak betearaztea”. Bide horretan, lan adiministrazioarekin eta erakunde sindikal zein enpresekin koordinatuta, lan-arriskuen prebentzioan “jardunbide egokiei buruzko programetan laguntzeko” eskatu diete erakunde guztiei.