Bi pertsona ikerketapean, substantzia sorgorgarrien trafikoagatik
31 urteko gizon bat eta 27 urteko emakume bat agintaritza judizialaren eskudunaren esku geratu dira, Ertzaintzak haien etxean poltsatxoetan banatutako "100 bat gramo kokaina eta haxix kopuru txiki bat" aurkitu ostean.
Elkarrekin bizi diren 31 urteko gizon bat eta 27 urteko emakume bati ikertu gisa eginbideak ireki dizkie Ertzaintzak osasun publikoaren aurkako delituagatik. Ertzaintzatik jakinarazi dutenez, egitateak domekan [uztailak 13] gertatu ziren, Bermeon, “elkarbizitza-arazoak zituztelako” agenteei bi ikertuen etxera bertaratzeko eskatu zietenean.
Agenteak bizilagunekin hizketan zeudela, “etxebizitzan substantzia sorgorgarriekin trafikatzen ari zitezkeela adierazten zuten ebidentziak” aurkitu zituzten. Egoera horre aurrean gizona “aztoratuta” zegoela ikusita, anbulantzia deitu zuten; prebentzio-miaketa egitean, “1.500 euro inguru” adurkitu zizkioten.
Ertzaintzak etxea babestu eta zegokion agente judizialari hautemandakoaren berri eman ostean, etxea miatzeko baimena jaso zuten. Hala, Gernika-Lumoko Ertzain-etxeko agenteek “100 bat gramo kokaina eta haxix kopuru txiki bat” aurkitu zituzten, poltsatxoetan banatuta. Horrez gain, doitasun-balantza eta “dosiak prestatzeko erabili ohi diren beste hainbat elementu” ere identifikatu zituzten. Ondorioz, bi ikertuak agintaritza judizial eskudunaren esku geratu dira.