'Urdaibaiko lorak', bertoko floraren edertasunaz jabetzeko
Giancarlo D´Arriego erromatarrak Urdaibaiko Biosfera Erreserban zehar ateratako 43 argazkik osatzen duten erakusketa abuztuaren 14ra arte bisitatu ahal izango da, Elai Alai Aretoan.

Geldi geratu, atera nahi duena bestelako begirada bategaz antzeman eta harrapatu gura den une hori gertutik fokuratu. Horiek dira Giancarlo D´Arriego erromatarrak makrofotografiaren bitartez basoko loreen argazkiak ateratzeko jarraitzen dituen pausoak. Busturian bizitzen daramatzan 10 urteetan Urdaibaiko Biosfera Erreserbatik hamaika ibilaldi egin ostean, 43 argazkiz osatutako Urdaibaiko lorak erakusketa aurkeztu du, abuztuaren 14a [eguena] bitartean Elai Aretoan bisitatu daitekeena: astelehenetik barikura, 9:00etatik 14:00etara arteko ordutegian.
Erakusketak “oharkabean geratzen bertoko floraren edertasuna” bistaratzea du helburu, eta horretarako, baso loreak lehen lerrora ekarri nahi izan ditu D’Arrigok. Elai Alain ikusi daitekeen argazki-bildumak argazkilariak Urdaibaiko Biosfera Erreserban “jende gutxien aritzen den tokietatik” emandako ibilaldietan du bere sorrera. Izan ere, hasiera batean “behaketa errutina” hutsa zena proiektu artistiko bilakatu zen, “alde batera uzten duguna harrapatzeko” asmoz.
Erakusketa Gernika-Lumo Udalaren laguntzagaz osatu du, eta doan bisitatu daiteke. “Loreek dimentsio berria hartzen dute bere irudietan. Bere ehundurak, simetriak eta koloreak begi biluziari ihes egiten dion argitasun batez azaleratzen dira, makroaren leiar pazienteagaz bakarrik azalaretzen dena”, azaldu dute udaletik.