Eguraldi bikainarekin, Karmen eguna ospatzen

Eguraldia lagun, giro onean ospatu dute Karmen eguna Elantxoben. Eguerdiko 12:00etan hasi dute egitaraua meza santuarekin, eta herritar andana bildu da ospakizunari ekiteko.
“Urtez urte indarra galtze joan den baina tradizio handia duen eguna” dela aitortu dute elantxobetarrek. Jaiaz bat eginez, herriko arraun elkarteko kideek ere parte hartu dute: euren postua jarri dute klubeko arropa eta zapiak saltzeko berataratu direnei.
Mezaren ostean, prozesioa abiatu da tingloipetik moilaraino. Txistu doinuek lagunduta eraman dute amabirjina moila puntara, eta bertan, Agur Maria abestuz, lore sortak jaurti dituzte itsasora “itsasoan zendu direnak omentzeko”. Adin guztietako jendeak parte hartu du lore jaurtiketan. Ohiturari jarraituz, more eta urdin koloreko lore sortak izan dira eskuartean izan dituztenak.
Portua loreekin kolorez bete ostean, aurreskua dantzatu diote amabirjinari. Aurreskuaren momentu hunkigarriaren ondoren, hurbildu direnek amarbijinarekin argazkiak ateratzeko unea aprobetxatu dute. Prozesioa amaitu bezain laster, jende-ilara luzeak osatu dira sardina erreak dastatzeko. Arranparrilan mimo handiz egindako sardinek sekulako ikusmira sortu dute jaiaz gozatzera hurbildu direnen artean.
Arratsaldeko egitarauari dagokionez, 17:00etan umeek uretako puzgarriekin gozatzeko aukera izango dute. Jarraian, 18:30etan Lekeitioko erraldoiek kalejiran irtengo dute Elantxoben zehar. Bukatzeko, 19:30etan Orkestra Elektrotunaren doinuez gozatzeko aukera izango dute hurbiltzen diren herritarrek.
Bermeoko Mañu auzoan ere ospatzen ari dira Karmen Jaiak. 11:30ean meza nagusia izan da, eta eguerdian, 13:00etan, umeentzako jolasak antolatu dituzte; adin guztietako haurrek gozatu ahal izan dute jarritako jolas ezberdinez. Arratsaldean, 18:00etan, gaztelu puzgarriak egongo dira eta meza berria ere ospatuko da ordu berean. 19:30ean, berriz, herri-kirolekin borobilduko dute eguneko egitaraua.
Jaiak, hala ere, ez dira gaur amaitu. Bihar, [uztailaren 17an], Karmen Bigarren eguna ospatuko dute Mañun: 20:00etan makailo-jana eskainiko dute, trikiti doinuez lagunduta, eta 21:00etan zaldi-proba erakustaldia egingo dute. Etzi [uztailak 18], mus txapelketa egingo da, eta zapatuan, [uztailaren 19an], KIETB elkartearen eskutik eraldoien tailerrak, erakusketa eta dantzaldia antolatu dituzte. Gero, tortilla txapelketa izango da, eta jaiak 21:00etan DJ Jaikiderekin jarraituko du.
Bestalde, Arteagako Zendokiz auzoan ere ospakizunak izango dira igandean, [uztailak 20]. Meza ospatuko dute goizean, eta ondoren, Artie Dantza Taldea eta Eingorenek emanaldia eskainiko dute auzoko plazan.
MAÑU (BERMEO):
BIHAR, KARMEN BIGARRENA.
- 20:00. Bakailaoa nahi duenarentzat.
- 21:00. Zaldi-proba erakustaldia.
- Egun guztian. Trikitilariak.
BARIKUA.
- 19:00. Mus txapelketan izena ematea.
- 20:00. Mus txapelketa.
ZAPATUA.
- 18:00. KIETB erraldoien tailerrak, erakusketa eta dantzaldia.
- 18:00. Tortilla txapelketan izena ematea.
- 20:00. Tortilla txapelketako aurkezpena.
- 20:30. Tortilla txapelketako sari-banaketa.
- 21:00. DJ Jaikide.
- Ondoren. Nekazaritza-turismoko establezimendu baterako zozketa eta jaien amaiera.
ZENDOKIZ (GAUTEGIZ ARTEAGA):
DOMEKA.
- 13:00. Meza.
- Ostean. Artie Dantza taldearen eta Eingoren emanaldiak.





























































