Urdaibaiko garraio publikoa indartu dute eskari bidezko zerbitzuaren bidez
EAJk fase pilotua «oso positibotzat» jo du, eta zerbitzuaren erabilera handitu dela nabarmendu du.
Urdaibaiko eskualdeko hamaika udalerri konektatuago daude orain eskari bidezko garraio sistemari esker. Bi aste pasatu dira proba pilotua abiarazi zutenetik, eta jeltzaleek balorazio baikorra egin dute, «zerbitzuaren maiztasuna bikoiztu» dela eta «herritarren bizi kalitatea hobetu» dela azpimarratuta.
Sistema berriak Elantxobe, Ibarrangelu, Ea, Gautegiz-Arteaga, Ereño, Kortezubi, Nabarniz, Arratzu, Ajangiz, Mendata eta Sukarrieta udalerriak hartzen ditu, eta Gernika-Lumorekin lotzen ditu, handik Bizkaibuseko eta Euskotreneko linea erregularretara igarotzeko aukera emanez.
Horrez gain, egungo ordutegia 5:45etik 23:00etara luzatu da, eta geraleku kopurua handitu zen udalerri batzuetan. Zerbitzuaren erabilera, gainera, telefono eta aplikazio bidezko eskaeraren bidez egiten da, eta horrek aukera ematen du garraioa benetako eskariaren arabera moldatzeko.
EAJren esanetan, «mugikortasun arazo larriak» dituen eskualde batean, egungo sistema «irtenbide berritzaile eta efizientea» da. 2023an egin zuten eskaera Bizkaiko Foru Aldundiari, garraio-eskaintza eguneratu bat martxan jartzeko, eta gaur egun ikusgai dira lehen emaitzak.
Bigarren fasea 2026rako aurreikusi dute, eta orduan zerbitzua guztiz eskarian oinarritua izango da: ez da ordutegi edo ibilbide finkorik izango, eta erabiltzaileek unean bertan eska dezakete garraioa. Helburua da sistema malgu eta jasangarri bat eskaintzea, Urdaibaiko errealitate geografiko sakabanatuari egokitzeko.
EAJko alkateek hainbat kanalen bidez zabaldu dute informazioa herritarren artean, eta «zerbitzu berria probatzera» animatu dituzte erabiltzaileak. Udalerrien eta Aldundiaren arteko elkarlanaren emaitzatzat jo dute egitasmoa, eta «mugikortasunaren arloko urrats sendoa» dela adierazi dute.