Lehenengo Queer Zine Zikloa aurkeztu du Gernika Lumak
Zortzi saioko zikloa prestatu dute, eta bihar [uztailak 8] izango da lehenengoa: '80 Egunean' eskainiko dute 19:00etan, Astran.
I. Queer Zine Zikloa antolatu du Gernika-Lumak. Zortzi saio izango dira, eta lehenengo hitzordua biharko [uztailak 8] zehaztu dute. Jose Mari Goenagak eta Jon Garañok zuzendutako 80 Egunean eskainiko dute 19:00etan, Astran.
Itziar Aizpuru eta Mariasun Pagoaga protagonistak dituen film hori lesbianismoa lantzen duen eta zahartzaroan dauden emakumeen sexualitateari buruz berba egiten duen euskal film bakarrenetakoa dela azpimarratu dute antolatzaileek: “Zikloa euskaraz hasi gura genuen, eta pelikula nahikoa berezia da; izan ere, mutil homosexualen inguruan euskaraz badaude pelikulak, baina emakume homosexualen inguruan ia ez dago pelikularik. Kasu honetan, emakumeen homosexualitateari buruzko da, eta, gainera, emakume nagusien sexualitatearen ingurukoa da, eta euskaraz. Beraz, zikloari hasiera emateko pelikula nahikoa berezia da, eta interesgarria”.
Zikloarekin, ikusezin bihurtutako pertsonei ahotsa ematea dute helburu: “Ziklo hau gure erreferentzia propioak topatzeko eta ikusteko eta herri osoari hurbiltzeko beharrizanetik sortzen da, ikusteko ez gaudela hain ikusezin bihurtuta, eta ikusteko zinean ere existitzen garela. Historian zehar ikusezin bihurtu diren pertsonei ahotsa emateko asmoa dugu”.
Horretarako, kolektiboko siglen letra bakoitzaren inguruan film bat aukeratu dute eta astean behin, martitzenero (19:00etan), Astran proiektatuko dituzte, eta, jarrian, solasaldietan elkartuko dira, hausnarketarako eta eztabaidarako tartea zabalduz: “Gure artean zein herriko jendearekin ikusteko dira, eta gero, denon artean komentatzeko zer ikusi dugun, zer iruditzen zaigun… Pelikula sakonak izango dira, baina ikusteko ez oso gaitzak. Herritarrak animatzea eta ziklo honetan gugaz egotea espero dugu”.
Gogoetak nahiz ikuspegiak partekatzeko aukera paregabea izango da; izan ere, bakoitzak etxean hausnarketak edota kritikak egin ditu, eta ziklo honetan horiek konpartitu ahal izango dituzte; beraz, horrek ere zikloa aberastuko du: “Ea jendea animatzen den eta horrela, zineaz elkarrekin gozatzen dugun. Gaur egun, plataformetara oso ohituta gaude, pelikulak geure etxean ikustera, eta ziklo hau aukera ona da tarte batez Astrara hurbildu, eta alkarregaz pelikula ikusteko. Zinea horretarako ere badago, kolektiboki honetaz gozatzeko. Gainera, ikuspegiak, hausnarketak eta kritikak konpartitzea oso interesgarria da”.
Garai eta herrialde ezberdinetako filmak eskainiko dituzte: “Helburua da historian zeharreko eta munduko zonalde desberdinetako pelikulak jartzea, ez bakarrik europarrak edo estatubatuarrak; adibidez, hurrengo pelikula Hong Kong-ekoa da eta beste pelikula bat Japoniakoa. Leku desberdinetako pelikulak ikusiko ditugu, eta uste dugu hori ere interesgarria dela, historian zehar eta munduko beste leku batzuetan kolektiboko jendearen ikuspuntuak zelakoak izan diren ikusi ahalko dugulako”. Hain zuzen ere, uztailaren 15ekoa Wong Kar-Wai zuzendariaren Happy Together filma izango da, gizon homosexualen ingurukoa.
Itzulera, lumak zorroztuta. Etenaldiaren ostean, bueltan daudela adierazi dute Gernika Lumako kideek. “LGTBIQA+ kolektiboko disidenteok eskualdean espazioak aldarrikatzeko eta elkarregaz hausnartzeko daukagun beharrizan batetik sortu zen taldea”, gogoratu dute. Adin guztietako transmaribollo kolektiboko pertsonek osatzen dute taldea, eta komunitate “anitz, seguru eta horizontala” gura dute, eta azpimarratu dutenez, hori “ikuspegi transfeminista baten baitan baino ez da posible”, subjektu binarioetatik haratago. Logika kapitalistatik kanpo kokatzen dira, eta erabat gaitzesten dute euren mugimendua edukiz husten saiatzen diren enpresen eta erakundeen “propaganda interesatua”. Adierazi dute autonomoak direla, eta ez dutela euren jarduna beste eragile politiko edota antolakunde baten barruan ulertzen.