«LGTBI+ pertsonak saretzearen beharra dago»
Bermeoko Udalak eskatuta, LGTBI+ kolektiboaren egoera ezagutzeko udal diagnostikoa landu du Hiruki Larroxa kooperatibak, eta bihar [uztailak 3] aurkeztuko dizkiete ondorioak herritarrei, 19:00etan, Talan.

Udalerria matxismorik eta LGTBI+ fobiarik gabeko esparru «askatzailea eta bizigarria» izatearen nahiak LGTBI+ udal diagnostikoa egitera bultzatu zuen Bermeoko Udala, iaz. Lanketa LGTBI+ politiketan, politika publikoetan eta teoria feministetan aditua den Hiruki Larroxa kooperatibagaz elkarlanean egin dute, besteak beste, Joseba Gabilondo Marques hirukideagaz. Urtebetez LGTBI+ kolektiboaren egoera ezagutu ostean, ateratako ondorioak herritarrei aurkeztuko dizkiete, bihar, 19:00etan, Talan (euria baldin bada, Taraskan egingo dute).
Udalagaz lankidetzan egin duzue diagnostikoa, ze helburugaz?
Diagnostikoa Bermeoko Udalaren eskaera izan da, ardura historikoa ikusten dutelako LGTBI+ kolektiboarekiko eta politika publikoak martxan jartzeko. Beharrak zeintzuk diren ezagutzeko planteatu zen diagnostikoa egitea, Bermeon LGTBI+ kolektiboaren egoera zein den ezagutzeko.
Nolakoa izan da prozesua?
Gutxi gorabehera urtebeteko prozesua izan da. Iazko martxoan hasi ginen, LGTBI+ kolektiboaren parte diren herritarrei elkarrizketa indibidualetan parte hartzera animatzeko eskatuz. Herritarrentzako galdetegia ere pasatu zen, ikusteko herriak zelan ulertzen duen sexu aniztasuna bera, eta zelan ikusten duen sexu aniztasunaren errealitatea Bermeon. Bakarkako hamar elkarrizketa egin ziren eta gero, galdetegia ia 400 pertsonek bete zuten. Talde elkarrizketak ere egin genituen, LGTBI+ kolektiboko parte diren pertsonekin, eragile ezberdinekin (gazte mugimenduagaz, txosna batzordeagaz…), ikastetxeetako arduradunekin eta udal teknikariekin. Gainera, kolektiboaren parte den taldetxo bat egon da kontraste lana egiten.
“Bermeo LGTBI+ gaien inguruan isilik moduan ikusi dugu; gaia ez dagoela ez kalean, ez agenda politikoan”
Ze ondorio atera dituzue?
Bermeo LGTBI+ gaien inguruan isilik moduan ikusi dugu; gaia ez dagoela ez kalean, ez agenda politikoan ikusi dugu. Nahiz eta LGTBI+ pertsonak egon, ez dago talde antolaturik ezta aldarrikapenik horren inguruan ere. Nolabaiteko ikusgarritasuna dago, baina sexu aniztasuna ez dago presente. Nolabaiteko onarpena egon badago, beti ere normatibitate baten barruan, hau da, ez bazara arautik asko aldentzen, ez bazara oso disidentea eta ez baduzu normaltasunagaz apurtzen, normaltasun batean bizi zaitezke. Zaila dena da genero arauekin apurtzea.
Nola hautematen dute herria bermeotarrek?
Pertzepzio ezberdinak daude; batzuk igartzen dute norbere sexualitatea bizitzeko moduan estutasun bat bizi daitekeela herrian. Beste batzuek, kanpotik etorritakoek gehienbat, herri ireki moduan ulertzen dute herria. Hala ere, azken urteetan garapen bat egon da.
LGTBIfobia bizi du kolektiboak?
Elkarrizketatuek aipatzen zuten ez dutela bizi LGTBIfobia zuzen eta biolento gogorrik, baina ezkutukoa eta sotila, dezente. Begiradak, komentarioak, txutxu-mutxuak… Egunerokotasunean horrelako joera asko bizi dituztela kontatu digute. Hezkuntzan bai ematen da, institutu garaian eta, dezente. Agertu den gauza nahiko zentrala gizonkeria izan da. Gizontasun toxiko patrialkalagaz lotzen dugun gizontasun eredu bat dago, eta gehienbat hortik dator LGTBIfobia. Gehienek mehatxu moduan bizi dute; espazioak seguru ez dituela egiten. Hori gehienbat jai giroan gertatzen da, gizontasun eredu batzuek zentralitate bat hartzen dutenean. Txokoak ere agertu dira; txokoak tradizio eta patriarkatu asko elkartzen den toki moduan aipatu dira. Gizonkeriagaz lotuta, sexilioa agertu da: gizon gay edo marikek alde egiten dute herritik edo esan dute herrian ateratzea zaila dela gizonen maskulinitate patrialkalaren ondorioz. Kontrara, emakume bollera, lesbiana eta bisexualek babes gehiago dute, feminismoaren aurrerapenen ondorioz, eta feminismoak solidaritate eta ahizpatasun hori sortzea elkarri duelako.
“Gizontasun toxiko patrialkalagaz lotzen dugun gizontasun eredu bat dago, eta gehienbat hortik dator LGTBIfobia”
Nola erantzuten dio herriak indarkeriari?
Biolentzien aurrean herritarrek dituzten estrategien artean eta bizirauteko indarkeriari aurre egiteko estrategietan, hurbileneko ingurunea aipatzen zen, gehienbat bollera kuadrilletan ematen dena. Beste batzuentzat normatibitatea aipatzen zen, normatik asko ez ateratzeak indarkeria batzuetatik babesten zaituelako. Normatibitatea estutasuna da, baina aldi berean, batzuentzat indarkeria ez bizitzeko estrategia ere bai.
Sexilioa ere aipatu duzu.
Bai, sexilioa ere bizirauteko estrategia izan daiteke eta honen anbibalentzia ere ikusi dugu. Batzuentzat, presio sozialagatik edo LGTBfobiagatik herritik alde egin eta ez bueltatzea izan daiteke, herrian ez direlako seguru sentitzen. Beste batzuk, berriz, irekitasun eta aniztasun baten bila joaten dira, eta urte batzuetara bueltatzen dira herrira.
Komunitatea saretzeko nahia al dago?
LGTBI+ pertsonen aldetik saretzearen beharra dagoela aipatzen zen, atomizatuta moduan daudelako: egon badaude, elkar ezagutzen dute, baina ez dago babes edo elkartzerik. Badago bollera kuadrillaren bat eta babesa hor aurkitzen dute, baina orokorrean, kolektiboa saretzeko, ez dago ez tokirik, ez elkarterik, ez ezer.
“Sexu aniztasuna LGTBI+ kolektiboaren ardura moduan ulertzen da”
Erreferenterik al dute herrian?
Bermeoko LGTBI+ pertsonen transmisioaren aldetik, Josu Unanue agertu da erreferente moduan. Behin baino gehiagotan agertu da elkarrizketetan, gehienbat, agian, egin duen lan politikoagatik, ez zehazki LGTBI+ eskubideen alde, baina bai militante erreferente bat moduan. Hor ikusten genuen Bermeoko LGTBI+ historiaren eta genealogiaren lanketa bat egiteko beharra, horren transmisioa egiteko.
Herria isilik dagoela ondorioztatu da. Nola apurtu daiteke isiltasun hori?
Gertatzen dena da, sexu aniztasuna LGTBI+ kolektiboaren ardura moduan ulertzen dela. Interesgarria izango litzateke sexu aniztasuna onartzea eta aldarrikatzea, eta hor ematen diren biolentziekin amaitzea denon ardura dela denok jakitea. Isiltasuna dago ez dagoelako argi nork apurtu behar duen isiltasun hori.
Errealitatea berdintsua al da herri guztietan?
Herri txikietan, hiriburuetatik kanpo bai errepikatzen dira fenomeno batzuk: sexilioa, presioa sentitzea, atzetik hitz egitea, indarkeria zuzena ez, baina sotilagoa… Garrantzitsuena da gero eta herri gehiago dabiltzala arreta jartzen horretan eta diagnostikoak egiten, LGTBI+ kolektiboak bizi izan dugun biolentziari erantzuna emateko ardura historiko bat sentitzen dutelako udalek.
Diagnostikoa eginda, orain zer?
Diagnostikoa lehenengo pausoa da, eta orain lanean jarraitu behar da. Sustatu behar dena, herrian sakonago aztertu behar dena eta behar diren politikak ezagutzea ekarri du lan honek, eta orain, politika horiek martxan jartzea eta atera diren ondorioei erantzuna ematea tokatzen da, sexu aniztasunari dagokionez behintzat, Bermeo toki seguruagoa eta askeagoa izateko. Hurrengo pausoa udalak markatuko du, baina politika publikoak martxan jarri, planifikatu, eta LGTBI+ komunitatearen inplikazioa bilatu beharko litzateke. Saretzearen beharra ikusten da, eta udala espazio horiek ahalbidetzeko prest dago. Uste dut hortik hastea interesgarria izango litzatekeela. Gero, sexu aniztasuna LGTBI+ kolektiboaren ardura denaren ideiagaz apurtzea ere beharrezkoa da, denok daukagulako indarkeriaren aurrean posizionamendu bat hartu eta irekitasun hori praktikatzeko ardura.