295 txirrindularik parte hartuko dute Serrats Aldapa Xtremen
Zapatuan [uztailak 5] lehiatuko dute mendi bizikleta lasterketaren hirugarren aldia, lehen edizioko ibilbidera itzulita. Matxitxako T.K.T.-k Urdaibike azoka antolatu du lehen aldiz bariku eta zapatuan, "eguneko esperientziaz gozatzeko" egitarauagaz.
Matxitxako Txirrindulari Kirol Taldeak eta Bermeoko Udalak antolatutako III. Serrats Aldapa Xtrem Bike Marathon hartuko du, zapatuan, Bermeok.
Txirrindulariek bi ibilbide edukiko dituzte aukeran: luzea eta laburra. Lehendabizikoak 75 kilometro eta 2.700 metroko desnibela edukiko ditu; bigarrena 35 kilometro eta 1.200 metroko desnibelduna izango da. Aurten, gainera, 75 kilometroko probak XCM Euskadiko Txapelketa hartuko du.
Aurreko urteagaz alderatuta, mendi bizikleta lasterketak «beherakada txikia» izan du izen emateetan, baina gutxi gorabehera iazko zenbakietara helduko dira: 295 txirrindulari izango dira—iaz 310 izan ziren—.
Infernu berdea
Infernu berdea izenburupean egingo dute mendi lasterketa aurten, «kosta inguruko orografia berdea eta lasterketaren zailtasuna» uztartu gura izan dituztelako. Aldapa Xtremen lehenengo aldian egindako ibilbidera itzuliko dira aurten txirrindulariak, Bermeotik asko urruntzen ez den «zirkuitu zirkularra» eginez. Besteak beste, Sollube, Katillotxu, Garbola eta Burgoa zeharkatuko dituzte. Ibilbide aukeraketari dagokionez, bi aukerak «nahikoa parekatuta» daude: «Luzean, martxa zikloturista eta txapelketa nahastuta, 180 parte hartzaile izango dira; gainontzekoak ibilbide laburrean ariko dira». Euskadiko XCM Txapelketan izena eman duten 90 txirrindulariak 09:00etan aterako dira, ibilbide luzea aukeratu duten gainontzekoak baino bost minutu lehenago; 35 kilometrokoa aukeratu dutenek, berriz, 10:15ean dute hitzordua.
Parte hartzaileei «ahalik eta esperientziarik interesgarriena» eskaini asmoz, antolatzaileek txirrindularientzako gosaria, asistentzia mekanikorako postuak, anoa postuak eta bazkaria kudeatuko dituzte, besteak beste: «Txirrindulariek proban txarto pasatu badute, erlaxatu ahal izatea da helburua, eta horretarako bazkarian batuko gara». Marmitakoa izango dute bazkaltzeko.
Antolatzaileak «pozik» daude probak izandako erantzunagaz, aurreko urtean baino parte hartzaile gutxiago izanik ere, jende gehiagorengana iristen ari direla antzeman dutelako: «Jendea Bartzelonatik, Balear Uharteetatik, Valentziatik, Madrildik eta Bordeletik ere badator; gure akzio gunea zabaltzen ari garela esan daiteke».
Urdaibike, estreinakoz.
Aldapa Xtremen hedapenagaz jarraitu eta txirrindulariei «eguneko esperientziaz gozatzeko aukera» luzatzeko asmoz, Urdaibike Azoka prestatu dute, lehen aldiz. «Urdaibai eta azoka nahasi gura izan ditugu, txirrindularitzaren aldeko apustua egiten ari den lurraldea delako, bai errepidean, bai mendian», azaldu dute. Hala, bihar eta etzi «eskaintza zabala» izango da Burujabetasun zelaian.
Dortsalak banatzeagaz batera zabalduko dute azoka bihar, 17:00etan. Jarraian kirol nutrizio saioa egongo da, Tuna World Capitalen laguntzagaz: «Azoka gure ingurura egokituta egongo da, eta, Bermeon gaudenez, oilaskoak eman ahal digun proteina atunaren proteinagatik ordezkatzen ahaleginduko gara». Zapatuan, bestalde, ginkana eta pintxo solidarioa izango dituzte aukeran, eta Euskadi Fundazioak «hainbat ekintza» proposatuko ditu.
Azokan hamar bat postu egotea aurreikusi dute antolatzaileek: «Egun pasa etorri ahal da jendea. Parte hartzaile asko gainera familiarekin etortzen dira Bermeora, eta ekintza hau oso ondo egokitu ahal zaiela uste dugu». Lasterketa eguna biribiltzeko, zapatu iluntzean Radio Guerrilla talde bermeotarrak kontzertua eskainiko duela iragarri dute.
URDAIBIKE EGITARAUA
- Uztailak 4, barikua.
- 17:00. Urdaibike azokaren inaugurazioa.
- Jarrain, erakusketa gunearen irekiera.
- 18:00. Kirol nutrizioaren masterclass-a, Tuna World Capitalen laguntzagaz.
- Uztailak 5, zapatua.
- 10:00. Azokaren irekiera.
- 11:00. Abilezia zirkuituaren irekiera.
- 12:00. Txirrindularitza birtuala Euskadi Fundazioaren eskutik.
- 12:30. Oinarrizko mekanika masterclass-a.
- 18:00. Azokaren itxiera.
- Jarrain, zuzeneko musika Radio Guerrilla taldeagaz.