Sastar-batze tasaren igoera onartu dute, "aurrekontu desoreka konpontzeko"
Bizkaiko Foru Aldundiak hondakinen ustiapenerako prezio publikoetan egindako igoerari aurre egiteko asmoz onartu du neurria Bermeoko Udalak, EH Bildu eta Guzanen botoekin. EAJrentzat, "agerian" geratu da udal gobernu taldearen "kudeaketa ekonomiko txarra".
Bizkaiko Foru Aldundiak hondakinen ustiapenerako prezio publikoetan egindako aldaketak sortutako “aurrekontu desoreka” konpontzeko asmoz, Bermeoko Udalak sastar-batze tasaren epigrafe berria hasieraz onartu zuen barikuko [ekainak 27] osoko bilkuran, EH Bildu eta Guzanen aldeko botoekin; EAJk, bestalde, kontrako botoa eman zuen. Udaletik jakinarazi zutenez, prezio igoera apirilaren 1ean sartu zen indarrean, udal zerbitzuaren kostuan “eragin zuzena” izanez. Hala, etxebizitzei dagokienez, urteko azken hiruhileko ordainagiria aurreikusitakoa baino 3,53 euro garestiagoa izango da.
Nabarmendu zutenez, erabakia apirilaren 11tik indarrean dagoen 7/2022 Legea betetzeko helburuagaz hartu da; izan ere, lege horrek hondakin bilketa eta kudedeaketaren benetako kostuak “tasa bidez” estali behar direla ezartzen du. Neurri horri aurre egin eta herritarrengan “bat bateko eragina saihesteko” helburuagaz, gaur egun udala osatzen duten hiru alderdi politikoek “hiru urtetean igoera mailakatua egitea” adostu zuten: “Kostuen %100 estaltzeko beharrezko guztizko igoera %31,9koa izan zen, baina 2025ean %24ko igoera aplikatzea erabaki zen, gainerakoa hurrengo urterako utzita”. Azaldu zutenez, udalak martxoaren 28an izan zuen apirilaren 1etik aurrera hondakinen ustiapenerako prezi publikoak igoko zirenearen berri; horrek, “144.656,79 euroko gainkostua” suposatuko dio udalari, zerbitzua finantzatzeko aurrekontuan aurreikusitako 560.000 eroko defizitari gehituta.
Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak adierazi zuenez, “ezustean” jasotako prezio igoerak eragindako neurria da: “2025erako %24ko igoera ezartzea adostu genuen, eta hori jada aurrekontuan jasota zegoen. Baina, aldunditik ezustean etorri den prezio-igoerak kostu berriak ekarri ditu, eta horrek urteko azken hiruhileko ordaingiria egokitzera behartzen gaitu; etxebizitzen kasuan, azken hiruhilekoan 3,53 euro gehiago ordaindu beharko dira aurreikusitako baino”. Era berean, argi utzi nahi izan zuen hartutako erabaki honen atzean “ez dagoela inolako motibazi politikorik”, egoera ekonomikoak agindutako eta udalaren esku ez dagoen kostu-igoera bati erantzuten dion “ezinbesteko neurri teknikoa” baizik.
Halaber, aldundiaren “aurreikuspen eta komunikazio falta” salatu zuen, horiek “udalerrien kalterako” direla zehaztuz. “Ez dira prezio publikoak egun batetik bestera eta inolako abisurik gabe aldatu. Aurreikuspen faltan zuzenean eragiten digu udalerrioi, eta are gehiago txikiei, ezinbestean zerbitzua bermatu eta aurrekontua orekatu behar dugulako”, azaldu zuen alkateak.
“Kudeaketa txarra”.
Bermeoko EAJ zaborren tasa bigarren aldiz igotzeagaz desados agertu eta udal gobernu taldeak aurkeztutako neurriaren kontra bozkatu zuten osoko bilkuran. Idoia Platas zinegotziaren esanetan, gainkostua udalak beregain hartu beharko zuen: “Urte honetarako 30 milioi baino gehiagoko aurrekontuarekin, nola liteke Bermeoko Udalak ez izatea Bizkaiko Foru Aldundiari ordaindu behar dizkion 144.6556,79 euroak?”.
Alderdi jeltzaleak EH Bildu eta Guzanek osatutako udal gobernuaren “kudeaketa ekonomiko txarra” agerian geratu dela salatu zuen: “Beraien nahia bermeotarrek beraien poltsikotik ordaintzea da. Ez, ez dugu onartuko zuen ezintasunak guztion poltsikoan eragina izatea. Ez dugu onartuko tasaren bigarren igoera bat aurrera ateratzea”.
Era berean, EAJk EH Bildugaz batera 2018an bultzatutako itun bati esker, Bermeo hondakin bilketa eta kudedeaketaren kostuak tasa bidez ordaintzea agintzen duen legea betetzetik “% 30 baino gutxiagora” zegoela gogoratu zuten. Halaber, “pixkanaka hondakinak sortzeagatik kobratzeko sistema baterantz egiteko” asmoz, 2024ko urriko ez ohiko bilkuran udal gobernu taldeak EAJren proposamena onartu zuela zehaztu zuen Platasek. “Erabaki zen igoera progresiboa izatea hiru urtetan —2025etik aurrera—, kostua estaltzeko eta legeak ezarritako helburuak lortkeo, baina badiduri orain adostutako guztia ahaztu zaiela. Beste behin, EH Bildurene eta Guzanen negoziazio-izpiritu hutsaren lekuko gara”, adierazi dute alderdi jeltzaletik.