Irakurleen txokoan izena emateko epea zabaldu dute
Ohiko irakurleen txokoan zein txoko feministan izena eman gura dutenek ekainaren 30era arte [astelehena] dute horretarako aukera, Berhaz bulegoan edo Bermeoko Udalaren egoitza elektronikoan.
Bermeoko Udalak datorren ikasturtean ere bi irakurle txoko eskaintzen jarraituko duela iragarri du. Herritarrek ohiko txokoa eta txoko feminista izango dituzte aukeran eta orain arte irailean egin bada ere, aurten izen ematea aurreratu dute. Hala, interesa duenak ekainaren 30a [astelehena] bitartean du horretarako aukera. Data bakarrik ez, izen emateko lekua ere aldatu dute: Berhaz bulegoan edota udalaren egoitza elektronikoaren bidez egin beharko da, inprimakia beteta.
Ikasturte berriak berrikuntza gehiago ekarriko ditu; besteak beste, hasiera batean behintzat, parte hartzaileak irakurle txoko bakarrean apuntatu ahal izango dira. Matrikulazio epea itxita plazaren bat libre baldin badago, bigarre txokoan izena emateko aukera zabalduko dute. Irakurkeen txoko bakoitzak hamabost pertsona hartuko ditu gehienez, eta esleipena egiteko izen-ematearen hurrenkera kontuan hartuko dutela jakinarazi dute. Era berean, saioak udal liburutegira itzuliko direla azaldu dute.
Irakurleen txokoak udalerriko herritarren artean irakurlezaletasuna sustatzea, euskaraz sortzen duten zein euskarara itzulitako autoreak ezagutaraztea eta «talde egonkor eta dinamiko bat eratzea» ditu helburu, parte hartzaileen eta Naroa Fernandez Zabala dinamizatzailearen artean «konfiantza giroa» sortzeagaz batera.
Hitzorduak, hilero.
Horretarako, ohiko txokoan parte hartzen duteneak hileko hirugarren eguaztenetan elkartuko dira; irakurleen txoko feministako kideak, bestalde, hileko azken eguenetan batzartuko dira. Saioak doakoak dira.
Parte hartzeko «ezinbestekoak» diren bi baldintza bete beharko dituzte herritarrek: Bermeon erroldatuta egotea eta udalagaz zorrik ez izatea. Gainera, bi saiotan kale egiten duen pertsona irakurleen txokotik kanpo geratuko da. Horrez gain, liburutegirik liburuak garaiz jaso eta bueltatzea ere ezinbestekoa izango dela zehaztu dute.
Generoaren presentzia.
Txoko feminista iaz jarri zuen martxan udalak, eta tailerrak «genero ikuspegitik irakurtzeko espazioa» eskaintzea bilatzen du. Saioetan literaturaren alderdi estetiko eta fikzionala aztertu beharrean, «generoak obretan duen presentzia eta horren inguruko diskurtsoak» aztertzean jarriko dute fokua. Horretarako denetariko jaiak jorratuko dituzte, hala nola, amatasuna, genero indarkeria, maskulinitate eta feminitate ereduen eraikuntza, eredu ez-binarioak, espazio publiko eta pribatuen arteko harremana, gorputzaren presentzia literaturan, agency edo egiletasuna eta prostituzioa.
Ohiko irakurle txokoa, bestalde, 2011. urtean jarri zuten martxan, literaturan interesa duten herritarrak hilero bildu eta eta irakurritako liburuen inguruen solasean aritzeko.