Gazte Eguneko eraso sexistak eta arrazistak salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte
Itaiak Gernika-Lumoko Merkurion jarri du hitzordua gaur 19:30ean, eta Erdu Gazte Taldeak, berriz, 20:30ean, Kurtzeron. Gernika-Lumoko sare feministak eta Muxikako Udalak bat egin dute Kurtzeroko deialdiagaz, eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete.
Muxikeko Gazte Egunean bildu ziren ehunka lagun zapatuan, eta eraso sexistak zein arrazista eman ziren bertan. Horren aurrean, erasoak salatzeko elkarretaratzeak egingo dituzte gaur iluntzean: Itaiak Gernika-Lumoko Merkurion jarri du hitzordua gaur 19:30ean, eta Erdu Gazte Taldeak, berriz, 20:30ean, Kurtzeron. Gernika-Lumoko sare feministak eta Muxikako Udalak bat egin dute Kurtzeroko deialdiagaz, eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete.
Izan ere, Ertzaintzak 18 urteko gazte bat atxilotu zuen domeka goizaldean, sexu eraso delitu bat egotzita, San Romaneko jaian bost neska adingaberi ukituak egiteagatik. Akusatua ertzain etxera eroan zuten, eta beharrezko eginbideekin jarraitu ostean, epailearen esku utzi zuten.
Salaketa goizaldeko 01:00ak inguruan eman zela azaldu dute Ertzainek, jai esparrura bertaratzeko abisua orduan jaso baitzuten. Hala, Gernika-Lumoko ertzain etxeko agenteak bertaratu ziren eta biktimetako batek emandako datuekin gazte bat identifikatu zuten; hori jai eremutik baztertu eta identifikatu zutela gehitu dute. Momentu horretan, hain zuzen ere, esan dute hainbat gazte gerturatu zitzaizkiela, “sexu erasoaren biktimak izan zirela salatzeko”. Ondorioz, adingabeek eta gertakarien hainbat lekukok “ahoz egindako adierazpenen aurrean”, 18 urteko gaztea atxilotzea erabaki zuten.
Hori dela eta, Erdu Muxikeko gazte taldeak erasoekiko euren gaitzespena adierazi dute, ez dituztela horrelako jarrerak eta erasoak onartuko esanez. San Romeneko jaien esparrua “gune segurua” izatea gura dute, eta domeka goizaldean emandako erasoak salatzeko elkarretaratzea deitu dute gaurko. “Argi utzi gura dugu ez dugula inondik inora inolako erasorik onartzen, eta erasoak salatzen dituzten guztiekin bat egingo dugu”.
Muxikako Udalak ere “erabateko gaitzespena” adierazi du zapatuan gertatutako eraso sexisten aurka, eta babes eta elkartasun osoa adierazi diete erasoa jasan zuten emakumeei eta euren ingurukoei. Horrez gain, udalak salatu du indarkeria sexista “estrukturala” dela: “Beste behin argi utzi nahi dugu ez dugula emakumeen aurkako inolako erasorik onartzen. Indarkeria sexistak erasotzaile eta erasotu banakakoak ditu, baina ez dira kasu isolatuak. Emakumeak indarkeriaz tratatzen dituen sistema baten ondorio dira, indarkeria sexista estrukturala delako”.
Bestalde, Gazte Egunean emandako eraso arrazista ere salatu du udalak, arrazakeriaren eta xenofobiaren kontra lanean jarraitzeko eta udalerria aniztasunetik eraikitzen jarraitzeko duen konpromisoa berretsiz: “Muxikako Udalak lanean jarraituko du gure herriko eta Euskal Herriko jatorri eta kultura aniztasuna balore positibo gisa onartua izan dadin, baita gizarte kohesioa bilaka dadin ere”. Hala, bizikidetza bultzatzeko eta errazteko elkarren aitortzan eta errespetuan oinarritutako politikak sustatuko dituztela gehitu dute udal ordezkariek.
Muxikako udal ordezkariek sinisten dute instituzioen ardura herritarren giza eskubideak bermatzea dela eta udalak “lehentasunezko konpromiso politikoa” berretsi du indarkeria sexistaren zein jarrera arrazista eta xenofoboen adierazpen guztien aurkako borrokan. Gainera, udalak herritarren inplikazioa eskatu du lan horreatarako: “Izan ere, gutako bakoitzaren jarrera aktiboa erabakigarria izan daiteke horrelako erasoak saihesteko”.
Udala ta Erdu Gazte Taldea egoera kudeatzeko elkarlanean aritu dira, eta udal ordezkariek horien jarrera eta lana txalotu dituzte: “Antolaketan zein gauean bertan jazo ziren gertakarien aurrean emandako erantzuna azkarra eta egokia izan zen, eta udal ordezkariekin batera egoera kudeatzeko prestutasuna erakutsi zuten”.
Itaiak ere, gogor salatu ditu erasoak, eta horien aurkako gaitzespena adierazteko elkarretaratzea deitu dute.
Gernikako Sare Feministak erasoak “gogor” salatu eta babesa helarazi die erasotuei. Gainera, emakumeek* aske eta beldur barik ibili gura dutela nabarmendu dute: “Jaiak eta gaba gureak dira. Eta erasotzaileok ez duzue lekurik bertan. Uda luzea dator, eta emakumeek jaiez askatasunez gozatzeko bermeoak behar ditugu. Horretarako, gizonezkoek erasotzeari utzi behar diete, eta euren ardura hartu. Izan ere, denon ardura da denontzako jaigune seguru eta askeak bermatzea”.
Horrez gain, gertatutakoaren aurrean emandako eraso arrazista ere ez dute aipatu barik utzi: “Argi utzi gura dugu eraso sexista, ahalbidetzen dituena matxismoa dela, eta ez erasotzaileen jatorria, urtez urte jaietan aurrera eroandako erasoen aurkako protokoloek argi utzi duten moduan. Zoritxarrez, adin, klase sozial eta jatorri ezberdinetako gizonak dira emakumeenganako indarkeria praktikatzen dutenak, eta denen aurrean autodefentsa feministaz erantzuteko determinazioa dugu”.