Kultura, musika eta merkataritza uztartuko dituen "asteburu berezia" prestatu dute Bermeon
Herritarrek Marabiyak kolektiboaren Solar Sound System kalejira jasangarria, Dantz Point ekimena zein Berton merkatari elkartearen azoka izango dituzte aukeran. Jarduera guztiak doakoak izango dira.

Udaberria goi-goitik agurtzeko prest daude bermeotarrak. Izan ere, San Juan jaietarako motorrak berotzen hasi asmoz, kultura, musika eta markataritza uztartuko ditu udalerriak asteburuan. Hiru ekimen ezberdin izango dituzte herritarrek aukeran zapatuan [ekainak 21], herriko gune ezbedinetan banatuta: Marabiyak kolektiboaren Solar Sound System kalejira jasangarria, Dantz Point musika elektronikoaren esperientzia eta tokiko merkataritzaren eta zerbitzuen erakusleiho izango den Berton Azoka. Endika Etxebarria Telleria kultura zinegotziak “asteburu berezia” izango dela nabarmendu du,horrek kultura, musika eta tokiko merkataritza uztartuko dituela azpimarratuta: “Udalerriko espazioak eta komunitatea erdigunean jartzea da gure helburua, eta bide horretan pauso sendo bat da asteburu honek eskaintzen duena”. Egitaraua herritarrentzat eta bisitarientzat irekia da.
Hasteko, kalejira jasangarria.
Marabiyak kolektiboaren kalejira izango da eguneko lehen ekimena: 12:00etan jarri dute hitzordua, San Frantziskon. Must kooperatiba txikiak antolatu du Bermeoko Udalaren laguntzagaz, eta “Alde Zaharreko orubeak balioan jartzea eta bizitzaz betetzea” ditu heburu. Antolatzaileek azaldu dutenez, aurten hamar urte beteko dira Talako kantina kudeatzen hasi zirenetik, eta urteurrena aprobetxatuta, hasiera batean antolatzen zituzten “kultur ekimen txikiak” berreskuratzea erabaki dute, “modu profesionalago batean”. Ekimena Talan kokatu beharrean, Alde Zaharrean zehar egingo dute: “San Frantzisko elizaren aurrean hasiko da eta solar eta plazatatik joango gara kalejiran”.
Solar Sound System ekimena jasangarria izango da, musika hiru bizikleta elektrikoren bitartez zabalduko baita herrian: “Bafleak hiru bizikletaren gainean eramango ditugu; bakoitzak bafle dorretxo bana izango du”. Jakinarazi dutenez DJ Reimi egongo da zuzenean musika jartzen. “Sound Systemak beste ezaugarri bat ere badu, musikaren gainetik jendeak mikrofonoa hartzea. Guri herriko elkarte batzuei gonbidapena luzatzea okurritu zaigu, urte osoan zehar Alde Zaharraren bizitasuna emateko asmoz aritzen garenok berba hartzeko”, azaldu dute. Kabidxe Gune Sozialeko ordezkariek, esaterako, Goiko Plazan hartuko dute hitza.
Ekliptika kultur zikloaren barruan kokatutako ekimenak Talara arteko ibilaldia egingo du Alde Zaharrean komunitatearen, ingurumenaren eta komertzio txikiaren aldeko aldarriak zabalduz. Guztira hamar geldialdi egingo dituzte. Ekliptikak urteko “lau data berezi” ditu: udaberriko ekinokzioa, udako solstizioa, udaberriko ekinokzioa eta neguko solstizioa: “Denetan egongo dira auzolana, artea, argazkilaritza, musika, pintura, poesia, bertsoa… Kultur diziplina aniztasuna egongo da, beti ere Talako Kantinak duen leku pribilegiatua kontutan hartuta: ekialdera begira gaude eta eguzkia irteten ikusten denez, urte guztian zehar leihoan markatuko dugu egun horietan nondik ateratzen den”.
Kultura elektronikoa sustatzea.
Dantz Pointek kalejiraren lekukoa hartuko du, 18:00etan hasi eta gauerdira bitartean Tala musika elektronikoz betez. Etxebarriak azaldu duenez, “musika elektronikoa balioan jartzea” da ekimenaren xede nagusia. Dantz plataformak bultzatutako jardunaldiak kultura elektronikoaren eta Bizkaiko ondarearen balioa indartzearen aldeko apustua egiten du, eta aurreko astean Gernika-Lumon egon ostean, hurrengo geldialdia Bermeon egingo du. Hasieran, ekitaldia portuan egitekoak ziren, baina udaletik Talara lekualdatzea proposatu zieten antolatzaileei, “ondare kulturala, ondare historikoa eta ondare naturala balioan jartze direlako”.
Bermeon herriko Black Heart kolektiboak egingo du bat ekimenagaz, jardunaldiari “bere ikuspegi eta nortasuna” emanez. Kolektibotik zapatuan lau artista oholtzaratuko direla iragarri dute: Black Hearteko kide diren Gora K eta Egoitz, Paul Larrozea bermeotarra eta Furonia. Herritarrei bat egiteko deia luzatu die, “giro polita” egongo delako eta kolektiboari zein herrian egiten dien ekitaldiei bultzada ematen lagunduko duelako.
Berton Azoka, hirugarrenez.
Berton Bermeoko merkatarien elkarteak ere hitzordua jarri du astebururako, hirugarren aldiz antolatu baitute Berton Azoka. Elkartearen helburu nagusia udalerriko komertzioak sustatu eta ekonomia zirkularra bultzatzea da: “Bermeon bizi garenok dirua Bermeon uztea”. Azokaren hirugarren aldia Frantziskotarren klaustroan egingo dute eta zapatuan zein domekan bisitatu ahal izango da. Taraskan, gainera, gastrogunea eta umeentzako puzgarriak egongo direla iragarri dute.
Azokaren helburua herriko komertzioek eskaintzen dituzten “kalitatezko zerbitzu eta produktuak herritarrei hurbiltzea” da, horregatik, klaustroan komertzioen postuak egongo dira herritarren erosketak egin ahal izateko: “Ezin izan dira guztian apuntatu klaustroko gunea txikia delako, baina hamabost edo hamasei komertzio egongo dira”. Gainera, produktu eta zerbitzuen erakusketak eta zozketak ere egongo dira, herritarrentzat “esperientzia aberasgarria eta dinamikoa eskainiz”.
Azokaren ordutegia 11:00etatik 21:00etara artekoa izango da zapatuan. Domekan berriz, 11:00etatik 16:00ak arte bisitatu ahal izango da. Elkartetik herritarrei bertaratzeko deia egin die.
Kultura zinegotziak asteburuko eskaintza guztia doakoa dela gogoratu du, publiko guztiarentzat zabalik dagoela nabarmenduta: “Jasangarritasuna, espazioekiko errespetua eta komunitatearekiko konpromisoa izango dira ekimen hauen ardatz nagusiak. Bermeok eskaintzen dituen berritasunak ezagutzeko eta jai giroaz gozatzeko aukera ezinhobea izango da, San Juan jaietako suaren bezperetan”.
Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak Minbiziaren Aurkako Elkarteak ere azoka txikia prestatu duela gogoratu du, Erreteneko lokalean bisitatu ahal izango dena: “Denontzako diren hainbeste ekimen ezberdin ditugu asteburuan, beraz, animatu eta ongi etorri danok Bermeora!”.