Herritarrak, biosfera eta kultura zainduko dituen eskualde "duina" aldarrikatu dute
Ernairen deiari erantzunez, ehunka herritar bildu ziren atzo [ekainak 13] Gernika-Lumoko kaleetan, Guggenheim Urdaibai proiektuaren aurkako manifestazioan. Busturialdeak Guggenheimek konponduko ez dituen "beste beharrizan eta arazo batzuk" dituela aldarrikatu zuten gazteek.

Guggenheim Urdaibairik gabeko eskualdearen aldeko aldarriz bete zituzten Gernika-Lumoko bazterrak atzo [ekainak 13], Busturialdeko Ernaik deitutako mobilizazioagaz bat egin zuten ehunka herritarrek. Deitzaileek bi urte daramatzate eskualderako makroproiektuaren kontra eta Busturialde “duin” baten aldeko kanpainetan murgildurik, eta atzeko mobilizazioa aldarri horiek azpimarratzeko baliatu zuten: “Guggenheimik ez dugula nahi esaten dugu, argi eta garbi, baina baita ere Busturialde duin bat behar dugula, biosfera zainduko duena, gu, herritarrok zainduko gaituena eta gure kultura eta hizkuntza zainduko dituena”.
Guggenheim Bilbao Museoak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Guggeheim Urdaibai proiektua aurkeztu zutenetik agintariek emandako adierazpenak salatu zituzten Ernaiko kideek: “Asko izan dira proiektua berriro mahaigaineratu zutenetik EAJko zenbait ordezkarik errepikatu dituzten titularrak, Guggenheim Urdaibai proiektuak Busturialdean oposiziorik ez duela esanez. Guk badakigu hori ez dela egia, ordutik gazte eta herritarrok ez gara eskuak gurutzatuta gero, kontrara, behin eta berriro kaleak hartu ditugu”. Izan ere, makroproiektuari ezetza adierazteko deialdiak dira Ernairen “aspaldiko mobilizazio jendetsuenak”, eta horren adibide da, esaterako, atzoko manifestazioa: “Gaur ere hemen gaude argi uzteko Busturialdeko gazte eta herritarron iritzia, eta argi diogu: Guggenheim Urdaibairi ez!”.
Proiektuaren aurkako borroka horretan Guggenheim Urdaibai Stop plataformak egindako lana aitortu zuten, azken urteetan antolatu dituzten hitzaldiak, sinadura-bilketak, kontzentrazioak zein milaka pertsona elkartu dituen manifestazio masiboak gogoratuta. Era berean, agintariak “oposizio nagusi baten aurrean” entzute prozesua zabaltzera behartuta ikusi direla gogoratu dute Ernaitik, horretan ere isilik geratu ez eta beraien iritzia “argi” utzi dutela azalduta.
Ageriko arazoak.
Makroproiektuaren eraikin nagusia Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren bihotzean kokatu gura dutela gogoratu eta horrek eskualdera ekarriko lituzken arazoak “agerikoak” direla nabarmendu zuten. “Horrek, besteak beste, gure ekosisteman izugarriko kalteak sortuko zituen, are gehiago, Urdaibain galzorian dauden 85 espeziengan”, azaldu zuten Ernaikideek.
Guggenheim Urdaibai 130 milioi euroko makroproiektua dela eta “diru publikotik” ordainduko dela ere gogorarazi zien bertaratutakoei: “Ez litzateke hobea izango diru hori oinarrizko beharrizanetara bideratzea? Eskualdeko osasungintzara, garraio publikoen azpiegituretara edo hezkuntzara”, gehitu zuten. Busturialdeak Guggenheimek konponduko ez dituen “beste beharrizan eta arazo batzuk” dituela aldarrikatu zuten, tartean, lana. “Herritarron %70etik gora, goizero-goizero eskualdetik kanpora doa lan egitera, berton ez dagoelako lanik”, azaldu zuten. Langabezia tasa, berriz, %15,5ekoa da, eta gazteen artean “nabarmen” egiten du gora. Horren aurrean, agintariei museoak lana ekarriko duela esan, baina behar horien baldintzak ez aipatzea leporatu zien; “Lana ekarriko duela diote, baina ze lan? Lan prekarioa izango da, uda garaiko lan tenporala eta baldintza eskasetakoa”. Mobilizazioa eskualdean lanpostu duinak sortuko dituen “bestelako plan estrategiko bat” aldarrikatzeko baliatu zuten.
Etxebizitzaren arazoa ere mahaigaineratu zuten, eskualdean “eskubide izatetik urrun” dagoela salatuz. Gaur egun, Bizkaian, Bermeo da, Bilboren atzetik, etxe turistiko gehien dituen herria, 230 pisu turistiko baino gehiagogaz. Gernika-Lumoren egoera ere “kezkagarria” da: “%33 igo da, eta herri txikietan joera berdina da”.
Turismo masiboa.
Makroproiektua gauzatu eta agintarien aurreikuspenak beteko balira, Busturialdeak udaro 140.000 turista hartuko lituzke. Ernaikideen esanetan, horrek ez lioke onik egingo ez biosferari, ez eskualdeko biztaileen bizi-kalitateari, ez lan-baldintzei ezta euskararen egoerari ere. Kontrara, horrek euskararen erabileraren “izugarrizko beharakada” eta lan prekarioen “izugarrizko gorakada” ekarriko lukela uste dute, eskualdeko bizilagunen “bizi kalitatea guztiz kolpatuz”.
Orain arte egin duten bezala mobilizatzen jarraitzeko hamaika arrazoi daudela defendatu zuten, besteak beste, “EAJk bere aldetik hartutako posizioa eta proiektuarekiko duten burugogortasuna kezgarriak direlako”. Hartara, Guggenheim Urdaibaik proiektua aurrera eramateko gutxi batzuen interes ekonomikoak “eskualde oso baten gainetik” jarri direla salatu zuten.
Hala, Guggenheim Urdaibai proiektua alboratu eta “ikuspuntu sozialista, euskaltzale, ekologista eta beste balio batzuetatik” Busturialdearen egiturazko arazoei “irtenbide errealak” emango dizkien planak garatzeko garaia dela aldarrikatu zuten Gernika-Lumoko kaleetan zehar: “Naturarekiko oreka, gure bizi baldintzak eta gure kultura zein hizkutza erdigunean jartzen dituen eskualde-eredu duin baten alde gaudenok gehiengoa gara Busturialdean”.





















































